argia.eus
INPRIMATU
Saudi Arabiara armak saltzeagatik, Italiako atzerri ministerioko kideen eta enpresa alemaniar baten kontrako auzibideak abiatu dituzte
  • Giza eskubideen aldeko hainbat taldek ezohiko bide legal bati ekin diote: Italiako atzerri ministerioko zenbait funtzionario eta Alemaniako arma ekoizle bat salatu dituzte, ustez Yemengo bonbardaketetan zerikusia izateagatik.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko apirilaren 18a

The Guardianek jaso duenez, Saudi Arabiari armak saltzeagatik salatu dituzte. Ekialde Hurbileko herrialdea Yemenen etengabeko erasoak egiten ari den koalizioko buru da eta Erresuma Batuaren laguntza militarra jasotzen du.

Yemenego Mwatana taldea, Italiako Rete Italiana eta Berlingo ECCHR giza eskubideen aldeko taldeak dira auzia mahai gainean jarri dutenak. Fiskaltzari eskatu diote Yemenen aurkitutako RMW enpresako armen hondakinak aintzat har ditzala prozesua ebazterako orduan. Giza eskubideen aldeko taldeek salatu dutenez, 2016ko urriaren 8an Saudi Arabiak eginiko eraso baten ostean enpresa alemaniarraren armak aurkitu zituzten eta froga erabakigarria izatea espero dute.

Mwatana erakundeak aurkitu zituen arma zatiak bonbardaketaren biharamunean, eta erasoa jasan zuten zibilen testigantzekin batera, ECCHR-ri eta Italiako agentzia bati bidali zizkieten. ECCHRko abokatuak dio epaia “mugarri” izan daitekeela, politikariek eta enpresaburu garrantzitsuenek duten inpunitatea ezbaian jar dezakeelako.