argia.eus
INPRIMATU
Italiak ikasle guztiak kurtsoz pasatuko ditu nahiz eta ikasgai batzuk suspendituta izan
  • Italian ikasle denak pasatuko dira hurrengo ikasturtera, azken azterketetako emaitzak kontuan hartu gabe. Suspenditutako ikasgaiak hurrengo ikasturte hasieran errekuperatuko dituzte ikasleek, klase berezien bidez. Irailean ikasturtea "ahalik normalen" hastea bilatzen du Gobernuak neurri horrekin. Unibertsitatera sartu aurreko probak ez lirateke idatziz egingo, ordubeteko ahozko proba bat egingo litzateke.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 05

El Pais egunkariaren informazioa du albiste honek oinarri eta egunkari horren arabera, Italiako Gobernua Dekretu bat ateratzekotan da.

Italiak oraindik ez du publiko egin ea ikasturte hau amaitu baino lehen klase presentzialak berriz hasiko dituzten edo ez. Irailean ikasturte berria planifikatzeko hezkuntza komiteak ari dira lanean eta hauek erabakiko dute hurrengo ikasturte hasierari nola ekin: zenbat denbora eman aurtengo ikasturteko ikasgaiak errepasatzeari edo lantzeari eta nola egin. Eskuartean duten aukera bat da lehenik zailtasun handienak izan dituzten ikasleekin hastea ikasturtea, haiei errefortzua emateko, eta ikasle beranduago hastea gainerako ikasleak 2020-2021 ikasturtea.

Suspentsoak bai, ikasturtea errepikatzerik ez

Peppe De Cristofaro Hezkuntzako idazkariak azaldu duenez, "ikasle batek ikasgaia suspenditu badu eta distantziara egin diren klaseetan zehar hobetu ez badu, irakasleak ez dio nota igoko. Onartuko da ikasturtez pasatzea, baina gainditu gabeko notarekin. Hurrengo ikasturte hasieran ikasgaia errekuperatzeko klaseak hartu beharko ditu".

"Maturitá", Italiako "selektibitate" edo "baxoa"

Maiatzaren 18rako berriz abiatuko balira klase presentzialak, Dekretuak prest izango luke unibertsitatera sartu aurreko froga modu arrunt xamarrean egiteko. Klase presentzialak hasiko ez balira, ez litzateke azterketa idatzirik egingo. Baina unibertsitateko froga egitea aurreikusten dute: ahozkoa litzateke, internet bidezko plataformaren baten bidez. Ordubeteko froga litzateke, "serioa", Lucia Azzolinia Hezkuntza sailburuaren hitzetan.