Guido Crosetto Italiako Defentsa ministroak iragarri duenez, Kretatik gertu zihoan ontzi militar bat "misio humanitarioan" hurbilduko da Flotillara .
Guido Crosetto Italiako Defentsa ministroak iragarri duenez, zonaldean zegoen fragata militar bat bidali dute Global Sumud ontzidirantz. Erabaki hori ontziek droneekin jasandako azken erasoaren ondoren hartu da.
Ministerioak argitaratutako ohar baten arabera, Crosettok azaldu duenez, "azken orduetan Sumud Flotillaren ontziek drone bidez jasandako erasoaren aurrean –tartean Italiako herritarrak dira ontzietan–, gure gaitzespenik gogorrena baino ezin dugu adierazi". Ministroak adierazi duenez, "demokrazia batean, manifestazioak eta protestak babestu egin behar dira nazioarteko zuzenbidearekin bat etorri eta indarkeriara jo gabe egiten direnean".
Ministroak adierazi duenez, Giorgia Meloni lehen ministroarekin hitz egin ostean hartu du erabakia; izan ere, Melonik "Frasan" fragataren berehalako esku-hartzea baimendu du, "Kreta iparraldean Mare Sicuro operazioaren barruan nabigatzen ari zen ontzia sorospen operazioetarako bidean jarri da".
Ministroaren hitzetan, "Israelek Italian duen agregatu militarrak, Tel Aviveko gure enbaxadoreak eta agregatu militarrak eta Farnesinako Krisi Unitateak jaso dute erabakiaren berri". Bestalde, Crosetto ostegun honetan joango da Diputatuen Ganberara egoeraren berri ematera, Italiako oposizioko alderdi nagusiek asteazken honetan Diputatuen Ganberan gobernuaren eserlekuak "okupatu" ostean, droneekin egindako erasoaren aurka protesta egiteko eta Meloni edo gobernuko kide bat parlamentuan agertzea eskatzeko.
Gainera, Antonio Tajani Atzerri ministroak Italiak Tel Aviven duen enbaxadari informazioa biltzeko eskatu dio, eta Israelgo Gobernuari tripulazioen erabateko babesa bermatzeko aurretik egindako eskaera berretsi du. Maria Elena Delia Flotillako itsasontzi italiarren bozeramaileak azaldu zuenez, "erasoak ordu pare bat iraun zuen, eta gauez, ilunpean, itsaso zabalean zeuden pertsonak psikologikoki higatzea zuen helburu".
Italian genozidioaren aurkako greba orokorra egin dute astelehenean, eta eragin handia izan du hiri nagusietan. Greba orokorra hainbat sindikatuk antolatu zuten –USB, CUB eta beste batzuk–, eta elkarte eta kolektibo askok babestu zuten. Sektore guztietako parte-hartzeari buruzko datu ofizialen zain –hezkuntzan %70 aipatu da–, kalkulu batzuk egin daitezke. Goizean goizetik, ehunka mila pertsona atera ziren kalera ehundik gora hiritan. Denda eta bulego publiko eta pribatuak itxita zeuden, lantegiak geldirik, garraioak gutxieneko zerbitzuan edo blokeatuta leku askotan, haurtzaindegiak, ikastetxeak eta institutuak langilerik gabe.