argia.eus
INPRIMATU
Italiako Alderdi Demokratak "Covid tasa" proposatu du, errenta altuenei ezarriko litzaiekeen zerga
  • Urtean 80.000 eurotik gora irabazten dutenei gutxienez %4koa izango den zerga ezartzea proposatu du Italiako Alderdi Demokratak. Ehuneko hori hazten joango litzateke irabaziak handiagoak izan ahala, eta urteko milioi bat euroko irabaziak dituztenei %8ko zerga ezarriko litzaieke. Izurriteak sortu dituen kalte ekonomikoak konpontzera bideratuko litzateke bildutako dirua.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 14a
Graziano Delrio, Italiako Alderdi Demokratako bozeramalea. Argazkia: BlogSicilia.

2018ko hauteskundeetan botoen %23 inguru eskuratu zuen Italiako Alderdi Demokratak  proposatu du neurria. Italia da Europan koronabirusak gehien kolpatu duen herrialdeetako bat, bai kutsatu kopuruari dagokionez, baita ekonomiaren arloan ere. Martxoan 25.000 milioi euroko diru-laguntzak eman zituen osasun-sistemarako eta langabetuentzat. Apirilean 400.000 milioi euroko aurrekontua onartu du enpresei laguntzeko eta esportazioak bultzatzeko.

Baina ez da nahikoa. Izurriteak ekonomian izan duen eragina leuntzeko, errenta altuenak dituztenei zerga berri bat ezartzea proposatu du alderdiak, “lehentasunezko produktuak erosteko beste ondasun” ez duten familiei laguntzeko.

Alderdi Demokrataren kalkuluen arabera 1.250 milioi euro batuko lituzkete zerga horrekin. 803.000 pertsona inguru izango lirateke ordaindu beharko luketenak, alegia, zergak ordaintzen dituzten herritarren artean %1,95. Salbuespenak ere aurreikusten ditu planteamendu honek. Adibidez, medikuek ez lukete zerga ordaindu beharko. “Klase boteredunek pobreekiko duten elkartasun keinu bat da”, esan du Fabio Melilli Alderdi Demokratako diputatuak.

Kritikak jaso ditu parlamentuaren gehiengoaren eta oposizioaren partetik. Neurria zentzugabekeria dela eta Alderdi Demokratako kideek beren soldatak murriztu ditzatela esan dute Giuseppe Conte lehen ministro zein Stefano Buffagni garapen ekonomikoko ministro ordeak. Matteo Salvini barne ministro orde ohiak ere neurriaren aurka egin du, eta “gelditu” egingo dutela adierazi du.