argia.eus
INPRIMATU
1.500 eurorainoko isunak eskatu dituzte Korrikan migratzaileei lagundu zieten auzipetuen kontra
  • Baionako prokuradore ordeak 1.000 eta 1.500 euro bitarteko isunak eskatu ditu zazpi auzipetuetatik seientzat, 2024ko Korrikan 36 migratzaileri “talde antolatuan” muga zeharkatzen laguntzea leporatuta. Ebazpena abenduaren 16an jakinaraziko dute. 

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 8a
Protestak epaitegi inguruan

Astearte arratsaldean jendetza elkartu da Baionako auzitegi inguruan auzipetuei elkartasuna adieraztera. Izan ere, epaiketa egin zuten, eta prokuradoreak isunak eskatu ditu auzipetutako zazpi militanteetatik seientzat, iazko martxoaren 14an, Korrikaren lehenengo egunean, 36 lagun Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubia zeharkatzen laguntzeagatik. Baionako prokuradore ordeak eskatutako isunak 1.000 eta 1.500 euro artekoak dira, horietako batzuk gibelapenarekin, Berriak jakinarazi duenez. Kaltetuak LAB, EH Bai, Etorkinen kolektiboa, Bidasoa Etorkinekin elkartea eta Frantzia Intsumisoko militanteak dira.

Desobedientzia zibileko ekintza aipatutako kolektiboek euren gain hartu zuten, Ahotsa.info-k zabaldu zuen bideo baten bitartez. Ondoren, iazko urri hasieran deklaratzera deitu zituzten kolektibo horietako zazpi pertsona, eta, “pertsonen trafikoko talde antolatuaren ustezko delitua” egotzita, astearte arratsaldean epaitu dituzte.

Auzian, epaileek froga baliagarri bakarraren arabera jokatu behar izan dute: aipatutako bederatzi minutu eta 31 segundoko bideoa. Berriak jakinarazi duenez, auzipetutako zenbaitek Korrikaren abiatze eguneko ekintza kontatzen dute bideoan, baina migratzaileekin mugaren zeharkatzerik ez da aipatzen, Hendaiatik Baionarako bidean lagundu izana besterik ez. Beraz, ez da argi geratu azkenean zer izan zen delako ekintza hori. Epaileek ekintzaren “funtsaz” galdetzean auzipetuek erantzun politikoak soilik eman dituzte: “elkartasun kontua da”, argudiatu du batek, “eginbehar moral, sozial eta politikoa”.  Horren harira, hitza hartzean, denek, banan-banan, “Frantziako eta Espainiako estatuen eta Europaren migrazio politikak” salatu dituzte.

Abokatuek, aurrekoa azpimarratzeaz gain, epaiaren aurreiritzi arrazistak ere nabarmendu dituzte. Bideoan auzipetuen ondoan agertzen diren “afrikar itxurako” pertsonak legez kanpoko atzerritarrak zirela azal koloreagatik bakarrik esan baitute.

Bestalde, auzipetuek euskaraz deklaratzeko eskatu dute, baina prokuradore ordeak ez die onartu. Argudiatu du auzitegia “egoitza publikoa” dela eta, beraz, Frantziako Estatuko hizkuntza ofizial bakarra aplikatzen zaiola, hots, frantsesa. Zazpi auzipetuetako batek ez du deklaratu, ez baitu onartu epaileari frantsesez zuzentzea. Gainera, aipatutako bideoa euskara hutsean dago, eta itzultzailea zehaztu ez dutenez, itzultzaile ofizial bati dei egin ez izana salatu dute. Horrek ekarri dituen akatsak ere azpimarratu dituzte: adibidez, bideoan, 36 lagun aipatzen dituzte militanteek, baina pertsona hitzaren zentzuan, eta ez adiskide; epaileek oker ulertu eta adiskide adiera eman diote, ordea.

Isuna jartzeko akusazioak dio militanteek “talde antolatuan” jardun zutela, baina bideoan bakoitza bere izenean mintzo da. Beraz, abokatuek defendatu dute ezin daitekeela ondorioztatu “duela denbora bat elkarrekin antolaturik” ari den talde batek egin zuela ekintza, eta errugabe jotzea eskatu dute zazpi auzipetuentzat. Abenduaren 16an argituko du epaileak auzia.