"Zer moduz dago eskaria?", galdetu zion enpresak banatzaileari, azken horrek auto batek harrapatu zuela abisua eman eta gero. "Ez dakit, ezin naiz altxatu", erantzun zuen riderrak; "produktuaren argazki bat bidaliko didazu?", jarraian Glovok.
Yanina Otero kazetariaren txioei esker ezagutu da larunbatean Argentinan gertatutakoa. 63 urtetako garraiolaria pizza bat banatzen ari zen bizikletaz auto batek jo zuenean. Kazetaria bertan zen, eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuen. Bitartean, gizonak telefonoz abisu eman zion enpresari. Hona Glovoren eta langilearen arteko app bidezko elkarrizketa:
- Zer egoeran dago eskaria? Entregatua izateko baldintza onean ala txarrean?
- Ez dakit, ezin naiz altxatu.
- Itxaron une batez mesedez (...) Ernesto, produktuen argazki bat bidaltzerik izango zenuke mesedez?
- Ez, ezin naiz mugitu.
- Prozeduraren parte da. Mesedez, argazkia bidali beharko zenuke eskaria ezeztatu ahal izateko.
- Ezinezkoa mugitzea.
Kazetariaren kontakizuna ez da hor amaitzen. Anbulantziaren zain zeudela, eskaria egin zuen bezeroa agertu zen: "motorraren kutxa ireki zuen, eta pizza eraman zuen. Guk hor jarraitzen genuen, anbulantziaren zain. Beldurgarria.".