argia.eus
INPRIMATU
Istripua gertatuz gero, kalte handiak eragin ditzaketen 38 enpresa daude Euskal Herrian
ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 21
Petronor findegia Muskizen dago, eta herritarrak maiz kexatu dira isuriez

Urtarrilaren 14an istripua gertatu zen Tarragonako La Canonja herrian. Iqoxe enpresa petrokimikoan leherketaren bat jazo zen, eta ondorioz hiru lagun hil ziren. Ezbehar horretatik astebete igaro den honetan, Berriak Euskal Herriko “Arrisku Handiko Enpresak” zerrendatu eta mapan kokatu ditu, Seveso arautegiaren arabera eragin maila handieneko enpresak kontuan hartuz.

Igor Susaeta kazetariak emandako datuen arabera, guztira 38 dira kalte handiak eragin ditzaketen enpresak Euskal Herrian. Horiek mapan kokatuta, batzuk biztanle askoko eremuetan kokatuta daudela antzeman daiteke, baita Bizkaian mota horretako enpresak ugari direla ere. “Barakaldon (Bizkaia) bakarrik —104.435 biztanle—, esaterako, bi daude, eta handik ez oso urrun, Zierbenan, 16 kilometrora, zazpi. Muskizko herritarrak, adibidez, askotan kexatu dira Petronor findegiaren isuri kimikoek eragiten dituzten kalteez”, azaldu du Susaetak. Istripua gertatuz gero, enpresa horiek inguruan diren pertsonak kaltetu ditzakete, Tarragonan gertatu bezala; zaurituak eragiteaz gain hiru pertsona hil ziren istripu horretan, horietatik bat hiru kilometro inguruko distantziara zegoen bere etxebizitzan zegoela, erreaktoreko tapak bere eraikina jo ostean.

Aipatu 38 enpresak “Arrisku Handiko Enpresa” gisa sailkatuta daude, eta Europako Batasunak ezarritako Seveso III zuzentaraua betetzeko derrigortasuna daukate, 2015ean Espainiako Gobernuak errege dekretuz onartu zuena.

Enpresok istripuetarako protokolo bat daukate, “Kanpo Larrialdietarako Plana” izenekoa. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lantegi kimikoak biltzen dituen Aveq-Kimika plataformaren kudeatzaile Luis Blancok Berriari adierazi dionez, larrialdietarako planek funtzionatzeko gakoak hiru dira: “Langileek eta teknikariek prestakuntza edukitzea; kaltetuak izan daitezkeen pertsonei informazioa ematea protokoloaren berri eduki dezaten; eta simulakroak egitea”.

Lantegiek urtean bi simulakro egiten dituzte, legeak hala agintzen dielako. Simulakroan sirenak ematen du hasiera eta amaiera; administrazioak instalatzen ditu sirena horiek, baina mantentze lanak lantegiei dagozkie. Arrisku egoeran sirenak jo behar dute, baina Tarragonako kasuan, adibidez, huts egin zuten.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak kontrolak eta arautegiak “ezin zorrotzagoak” direla adierazi duten era berean, “arriskurik eza ez da existitzen” Blancoren hitzetan, nahiz eta enpresek dituzten planak ontzat jo.

 

 

Berriak osatutako mapa