Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua Ertzaintzaren hurrengo urteetako plan estrategikoaz mintzatu zen atzo Eusko Legebiltzarrean. Sailburuak baieztatu zituen duela aste batzuk Deia eta Diario Vasco egunkariek argitara emandako datuak: 400 ertzain uniformedun gehiago jarri nahi ditu kaleak patruilatzen, horietako asko Brigada Mugikorrean.
Donostian izandako gertaeretatik egun gutxira iragarri du Beltran de Herediak Ertzaintzaren plan estrategikoa. Apirilaren 19an ehunka ertzainek hartu zuten parte Bulebarrean zeuden gazteen kontrako oldarraldian.
Aurreikuspenen arabera, istiluen kontrako agente kopurua bikoiztu egingo litzateke, 188 ertzain gehiagorekin: “Gizartearekin konprometituriko Ertzaintza nahi dugu, bakea, segurtasuna eta pertsonen ongizatea sustatuko dituena”, azaldu du sailburuak.
Beste zeregin batzuetan zebiltzan Ertzaintzako hainbat brigada murriztu edo desagerrarazi egingo dira, nagusiki ETAk jarduera armatua uztearen ondorioz. Diario Vasco eta Deiaren arabera, baliteke Berrozi Berezi eliteko taldea –80 agente– Brigada Mugikorrera igarotzea.
Bestalde, Beltran de Herediak zenbait egoitza bateratu egingo direla esan du, baina Ertzaintzako sindikatuei agindu die ez dutela komisariarik itxiko. ERNEk eta ELAk bilkura egin zuten atzo Erandioko polizia etxe nagusiaren aurrean balizko itxiera horien kontra protesta egiteko. Gaur, berriz, polizia ereduari buruzko jardunaldiak egingo dituzte ERNEk antolatuta, Bilboko Euskalduna Jauregian.