argia.eus
INPRIMATU
Zenbait lagun zauritu dira Hernaniko San Joan gaueko istiluetan, eta gutxienez pertsona bat atxilotu dute
  • Xabier Lertxundi alkateak adierazi du istiluak leku eta ordu ezberdinetan gertatu direla, eta haien artean ea loturarik dagoen ikertzen ari dira. Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari 03:30 aldera, eta haiek oldartzean hainbat lagun zauritu dituzte. Segurtasun Sailak jakinarazi du pertsona bat atxilotu duela, desorden publikoa egotzita.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 24a
Hernaniko San Joan gaua. Hernaniko Udala

Istiluz beteriko gaua izan da Hernaniko (Gipuzkoa) Sanjoan jaietako lehena. Kaleetan zegoen jende andana eta liskar batzuk direla eta, Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari 03:30 aldera, eta haiek oldartzean hainbat lagun zauritu dituzte. Xabier Lertxundi alkateak astearte goizean Euskadi Irratian adierazi du Ertzaintza oldartzean "giroa are gehiago gaiztotu" dela.

Lertxundik azaldu duenez, Ertzaintzak kargatu aurretik zenbait liskar gertatu dira leku eta ordu ezberdinetan –goizeko 02:00etan eta 04:00etan–, eta "dimentsio handia" hartu dute. Udala horien artean loturarik dagoen ala ez ikertzen ari dela jakinarazi du alkateak, egoeraren "argazki erreala" osatzeko. Goizean zehar Hernaniko Udaleko bozeramaileen batzordea bilduko da, "gertatutakoaren berri izateko eta aurrera begira zein pausu hartu erabakitzeko".

Liskarretan zaurituetako bat. Gedar

Pertsona bat atxilotu dute

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Ertzaintza istiluen lekura bertaratzean, han zegoen jendea gauzak jaurtitzen hasi zaiela agenteei. Gainera, pertsona bat atxilotu dute, desorden publikoa egotzita.