Eskuin muturreko taldeak Espainiako Estatu mailako deialdia egin du, eta dozenaka pertsona batu dira Probintzia plazan. 300 bat metrora deitutako mobilizazio antifaxistara ehunka pertsona batu dira. Istiluak izan dira, gazte antifaxisten eta falangisten artean zein, batez ere, gazteen eta Ertzaintzaren artean. Hainbat zauritu eta atxilotu izan dira, istiluak eta barrikadak ondoko kaleetara hedatu dira.
Eguerdiko 12:00etan zegoen deituta Falangeren kontzentrazioa. 11:00etarako Ertzaintza uniformatuen, beren furgoneten eta kalez jantziko polizien presentzia nabarmena zen Probintzia plazan eta inguruetan. Ertzaintzaren helikoptero bat inguruan aritu da hegan goiz osoan zehar. Hala ere, 11:45 inguruan falangistak plazara heldu berri zeudela, falangisten eta gazte antifaxisten arteko borroka zuzenak eman dira une labur batez, tartean makilak edo tabernetako terrazetako materiala erabilita. Lekukoek ARGIAri adierazi diotenaren arabera, Falangeko kideren bat zauritua gertatu da. Ertzaintzak bi taldeak banandu ditu.
Bideoan, istiluen hasiera eta falangistek eta gazte antifaxistek aurrez aurrekoa izan duten unea:
ÚLTIMA HORA
— Gasteiz Hoy (@gasteizhoy) October 12, 2025
GRAVES incidentes con la llegada de La Falange https://t.co/2qteJhmcnF pic.twitter.com/0tfhGO1BZg
Ordutik aurrera istiluak eta korrikaldiak aurpegia estalia zuten hamarnaka poliziaren eta ehunka gazteen artekoak izan dira. Elkarren aurka oldartu dira hainbat aldiz, hasieran plaza ingurunean, eta gerora ondoko kaleetara ere. Gazteek Ertzaintzaren aurka jaurti dituzte tabernetako mahaiak, aulkiak eta itzalkinak, kristalezko botilak eta harriak. Barrikadak egin dituzte edukiontziekin, eta horietako batzuei su eman diete. Suhiltzaileak bertaratu dira suak itzaltzeko. Ertzaintzak oinez zein furgonetekin kargatu du gazteen aurka, borrak eta pilota jaurtigailuak erabilita. Nahasmena handia bada ere, hainbat kazetariren eta lekukoren testigantzen arabera, manifestarien artean hainbat zauritu izan dira, horietako hiru begian edo inguruan pilotakadak jasota. Horrez gain, hemeretzi pertsona atxilotu dituzte eta desordena publikoak leporatzen dizkiote, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.
Hori guztia gertatzen zen bitartean, Falangeak bere ekitaldia egin du Probintzia plazan, plaza Ertzaintzak inguratuta eta herritarrei hesituta zegoela. Ereserki falangista abestuta amaitu dute saioa, eta 12:45 inguruan irten dira plazatik Ertzaintzaren babesean. Ondoko kale eta auzoetan korrikaldiek eta istiluek segida izan dute oraindik ere. Informazio hau ixterako orduan, 13:30etan, egoera baretuta zegoela ematen zuen, baina Poliziaren eta manifestarien presentzia handia zen oraindik kaleetan.
Gasteiz antikoloniala
Olatu erreakzionario eta arrazistaren aurrean, Gasteiz antikoloniala antolatu lelopean hirugarren deialdi bat zegoen igande eguerdian egina, Arka plazan, “Gasteizko herri mugimendua” sinadura zeramana. “1492ko urriaren 12an Cristobal Colonek Abya Yalako lurrak inbaditu, sakeatu eta kolonizatzeari ekin zion”, salatu dute irakurritako oharrean. “Aurten, Gasteizera Falangea etorri da. Ekitaldi horrek, patroi kolonialak defendatzen ditu, eta aipatutako sarraskia goraipatzen du”, arbuiatu dute. Kolonialismoa indarrean dagoela adierazi dute: “‘Seguritatearen’ argudioarekin batera, egunero jasotzen ditugun mezu arrazista eta erreakzionarioak naturalizatzen dira eta gure auzokideak kriminalizatzen dituzte”. Horren guztiaren aurrean, herrien burujabetza defendatu dute.