argia.eus
INPRIMATU
Istilu arrazistak gertatu dira Martzillan, eta bizilagunek adingabeen zentroa ixtea eskatu dute
  • Joan den asteko asteazkenetik ostegunera bitarteko gauean istiluak izan ziren Martzillan (Nafarroa), eta hainbat bizilagunek harriak eta aulkiak jaurti zizkieten zentroan zeuden etorkin adingabeei. Bizilagunak kalera irten ziren igandean, "herri seguru bat defendatzeko". Nafarroako Gobernuak iragarri du zentroan bizi diren 23 adingabe beste zentro batera lekualdatuko dituela, eta herrian presentzia poliziala areagotuko duela.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 16a
Martzillako (Nafarroa) herritarrek adingabeak hartzen dituen aurka sortutako istiluak. La Haine

Adingabeak hartzen dituen zentroaren aurkako protestak aspalditik izan badira ere, azken astean nabarmen handitu da tentsioa Martzillako herritarren artean, eta adingabe horien aurkako istilu arrazistak ere gertatu dira. Asteazkenetik ostegunera bitarteko gauean, zenbait bizilagunek oihu arrazistak egiten zituzten bitartean, hainbat herritar zentroan zeuden etorkinen aurka aulkiak edo harriak jaurtitzen hasi ziren. Istiluetan Núcleo Nacional talde neonaziko hainbat kidek parte hartu zuten, Espainiako banderak zeramatzatela eta aurpegia estalita zutela.

Ehunka bizilagun kalera irten ziren igande arratsaldean adingabe etorkinen zentroaren itxiera aldarrikatzeko. "Ez gara arrazistak, errealistak baizik" edota "herri seguru bat defendatzeko" leloak ikusi ahal izan ziren manifestarien artean. Mobilizazio amaierako hitzartzean, antolatzaileek adierazi zuten manifestazioan parte hartu zutenak ez zirela bildu "gorrotoagatik", baizik eta "segurtasunagatik eta justiziagatik": "Hemen gaude gure herria egoera jasanezin batera iritsi delako".

Nafarroako Gobernuaren neurriak: Polizia gehiago eta etorkin gutxiago

Egoeraren aurrean, Nafarroako Gobernuak prentsaurreko bat deitu zuen ostiralerako, eta bertan izan ziren Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetako kontseilaria, Amparo López Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Alicia Etxeberria Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria eta Esther Villanueva Martzillako alkatea. Bada, prentsaurreko adierazi zuten "egoeraren larritasuna" dela eta salbuespeneko hainbat neurri hartuko dituztela: hain zuzen, Martzillako etorkin adingabeen zentroko 23 gazte beste zentro batera lekualdatzea.

Horrez gain, herrian presentzia polizia areagotuko dute. Prentsaurrekoan aipatu zutenez, Poliziak 24 orduko patruilak egingo ditu, eta "esku hartze taldeak" egongo dira arratsaldean eta gauean, dronekin batera.