argia.eus
INPRIMATU
Istanbul II
Joan Mari Beloki 2025eko maiatzaren 28a

Europako lau presidente gudazaleek (Emmanuel Macron, Keir Starmer, Friedrich Merz eta Donald Tusk), maiatzaren 10ean 30 egunetako su-etena exijitu zioten Vladimir Putini. Errusiako presidentearen erantzuna: “Maiatzaren 15ean has gaitezen bakea negoziatzen Istanbulen”.

Bi planteamenduak arras ezberdinak ziren. Gudazaleek guda hilabetez gelditu nahi zuten, Ukraina berriz armaz ongi hornitzeko eta armada freskatu eta berrantolatzeko. Errusiak, berriz, 2022an AEBek eta Britainia Handiak zapuztu zuten errusiarren eta ukrainarren arteko bake-akordioa berreskuratzea zuen helburu.

Bi proposamenak bateraezinak ziren. Gudazaleek guda hauspotu nahi zuten, Errusia mendean hartzeko. Horrek, berriz, gudari amaiera negoziatua ematea bilatzen zuen, tiroak hastea piztu zuten arrazoiak epe luzerako desaktibatuta.

Abiapuntuak argi erakusten zuen 2025eko Istanbuleko bileratik ezin zuela aurrerapausorik atera. Eta hala izan zen. Lortu zen mila bana preso trukatzeko urrats txalogarria tarteka adosten duten zerbait da, aurretik dagoeneko gutxienez beste bi aldiz egindako ekintza humanitarioa da. Istanbuleko bileran ez da beste lorpenik izan.

Porrot hau osoa eta itzulezina izan al da? Ez, inola ere ez. Aurrerapauso bat eman baita. Otsailean hiru urte bete zituen Ukrainako Guda hau oso mingarria izaten ari da. Badirudi dagoeneko hildakoen kopuruak milioiaren langa gainditu duela. Denbora tarte luze honetan ez da bakerako negoziazioez hitz egin. 2022ko apirilean ukrainarrek eta errusiarrek sinatu zuten hitzarmen zirriborro hura Joe Biden eta Boris Johnsonek zapuztu zutenetik hiru urte luze igaro dira elkarrizketari aukerarik eman gabe. Oraingoan, aski izan da Vladimir Putinek bakearen aukerari atea zabaltzea bi aldeak mahai inguruan esertzeko. Eta “ondoko gelan”, Donald Trump, Emmanuel Macron, Keir Starmer, Friedrich Merz eta Donald Tusk, AEBak, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta Polonia ordezkatuz. Aurreratutakoa bada zerbait, alajaina!

2022tik hiru urte luze igaro dira Ukrainaren eta Errusiaren elkarrizketari aukerarik eman gabe. Oraingoan, aski izan da Vladimir Putinek bakearen aukerari atea zabaltzea bi aldeak mahai inguruan esertzeko

Gudazaleek tranpa bat jarri nahi izan zioten Vladimir Putini, baina errusiarrei berriz trufa egitea ezinezko eginen zaie lau gudazaleei. Minsken bi aldiz ziria sartzea lortu zuten eta Istanbulen beste behin. Ez da beste hurrengorik izanen. Honetan negoziazioak seriotasunez garatuko dira, Errusiak seriotasuna ezarriko duelako. Istanbul II honetan agerian geratu den bezala. 30 egunetako su-etena gaindituta geratu da eta mamiaz hitz egin beharko dute aurrerantzean. Su-etena adosteko, aurrez eduki garrantzitsuen inguruko lehen akordioa sinatu beharko da. Ondoren etorriko da mamiaren inguruko gainerakoak adosteko armak isiltzeko aukera.

Hiru urte hauetan publikoki esan direnei erreparatuz gero, gutxienez puntu hauetaz hitz egin beharko dute: Ukraina eta NATO; Ukraina eta EB. Ukrainaren desmilitarizazioa. Ukrainaren desnazifikazioa. Ukrainaren lurraldetasuna. Errusiera eta kultura errusiarraren normalizazioa. Ukrainaren marko juridiko-politiko berria.

Hori dena mahai gainean dagoela, inolako aurreakordiorik gabe su-etena exijitzea alferrikako proposamena da. Ez baitu zentzurik deus konpontzen ez duen pausua exijitzeak, aurrez aipatutako sei puntu horien barruan dagoen mami guztiaz bat ere hitz egin gabe armak isildu nahi izatea. Alferrikakoa baita guda galtzen ari denak aise irabazten ari zaionari kalte besterik ekarriko ez dion urratsa eman dezan exijitzea.

Puntuz puntu, negoziatu beharra eskatzen duten talka hauek ikus litezke egungo egoeran:

    1. Ukraina eta NATO. Ukraina eta EB. Errusiak ez du Ukraina EBn sartzeko eragozpenik jarriko. Baina guda amaituta eginen diren hauteskundeetatik aterako den gobernu berriak sartu nahiko ote duen ezin da jakin orain. Ukraina NATOn sartzea Errusiak ez du sekula onartuko. Hori izan da OMB hau abiarazteko lehen arrazoia.

    2. Ukrainaren desmilitarizazioa. Europako gudazaleek Ukraina ariete bezala darabilte Errusiari ekiteko. Eta bide horretatik jarraitzeko dirutza handiak inbertitzekotan dira hurrengo urteetan. Guda hasi zenean, Europan osoan ez zen Ukrainak adina arma zeukan armadarik. Errusiak aurrerantzean halako egoerarik errepika ez dadin nahi du eta horretarako etorkizuneko Ukrainak armada txiki bat eduki dezan proposatzen du.

    3. Ukrainaren desnazifikazioa. Naziak gutxiengoa dira Ukrainan. Baina AEBek emandako dirulaguntzei esker, boteretsuak egin ziren 2014ko Maidango estatu-kolpearen garaian. Geroztik haiek sostengatzen dituzte Ukrainako Gobernuak eta haiek finkatzen diete gobernuei beren ildo politikoa. Eta Europako Batasunak eta AEBek babes osoa ematen diete. Ukraina berrian demokrazia izan ahal izateko, Errusiak nazismoa legez kanpo uztea proposatzen du.

    4. Ukrainaren lurraldetasuna. Guda osteko Ukraina, Maidango estatu-kolpearen garaikoarekin alderatuta, desberdina izanen da. Mendebaldean, Poloniak Galitzia aldarrikatzen du berarentzat eta oso litekeena da historikoki bereak izan direnak erreklamatzea Hungariak eta Errumaniak ere. Ekialdean, Errusiak dagoeneko bere Konstituzioan txertatuta ditu Krimea, Luhansk, Donetsk, Zaporizhia eta Kherson. Zelenskik denak Ukrainaren zati direla dio eta Errusiak lur horietatik alde egin behar duela. Mendebaldean ere ez du deus aldatzeko asmorik.

    5. Errusiera eta kultura errusiarraren normalizazioa. Errusiera debekatuta dago. Ukrainan gehien hitz egiten den hizkuntzak ofizialtasuna ukatua du. Eskoletan, unibertsitatean, administrazioaren gune guztietan ezin liteke erabili. Errusieraz idatzitako liburuak dendetatik desagertu dira. Ukrainarren hiru laurdenak errusiera ongi menderatzen duen arren. Errusiak errusieraren ofizialtasuna proposatzen du, nahi duten ukrainarrak kultura errusiarraren arabera bizi ahal izan daitezen.

    6. Ukrainaren marko juridiko-politikoa. Zein izanen da Ukraina berriaren marko juridiko-politikoa? Lehenik, hauteskunde demokratikoak egin beharko dira. Horretarako, gaur egun debekatuta dauden alderdi politiko, sindikatu eta komunikabide guztiak legeztatu egin beharko dira. Eliza Ortodoxoa ere. Kartzelan den preso politiko andana etxeratu egin beharko da. Hori gertatuko den zerbait da, Errusiak guda irabaziko duelako. Gobernu berriak erabaki beharko ditu gainerakoak.

Sei puntu horietaz gain, gerra-krimenei lotutako guztia geratzen da. Basakeria guztien informazioa zabaltzea, Zelenski eta gainerako arduradun politiko eta militarren epaitzea, eta abar.

Lurraldetasunarekin lotuta, bada beste afera bat mahai gainean azal litekeena. 2022an oraindik Ukraina zirenak eta egun Errusian txertatuta dauden bost eskualdeak (oblastak) autodeterminazio erreferendum banaren bitartez txertatu ziren Errusian. Odesa, Nikolaiev, Dnipropetrovsk, Kharkiv… oblastek ez al dute aukera bera eskatuko?

Joan Mari Beloki Kortexarena