Torturak eta gehiegikeriak 2023ko urriaren 7tik ugaldu egin direla frogatu dute askatu berri dituzten ehunka palestinarren testigantzek. Nahita eduki dituzte goseak jota, mota askotako torturak pairatu dituzte, eta osasun arta hutsaren hurrengoa izan dela salatu dute. Aske geratutako hainbat larrialdi zerbitzuetara eraman behar izan dituzte. Israelgo kartzela zerbitzuak dio espetxeetako baldintzek nazioarteko zuzenbidea betetzen dutela.
The Guardian egunkariak, besteak beste, Naseem al-Radee preso ohiarekin hitz egin du. 22 hilabetez egon da preso, eta askatu dutenean, Gaza ikusteko arazoak izan ditu, jipoi baten ondorioz begi batetik lauso ikusten duelako. Presoak izutzeko gas negar-eragileak eta gomazko balak erabili dituztela esan dio hedabide ingelesari, baita etengabeko irainak eta hitzezko gehiegikeriak ere. Errepresio sistema zorrotza deskribatu du: “Ate elektronikoa irekitzen zen, eta soldaduak eta zakurrak sartzen ziren, garrasika “makurtu, makurtu! Eta errukirik gabe kolpatzen gintuzten”. Kontatu du bost pertsonarentzat diseinatuta ziruditen ziegatan hamalau zeudela eta osasun baldintza oso kaskarrak zirela.
Beste palestinar batek koltxoi zikinak, osasun baldintza kaskarrak eta janari kutsatua aipatu ditu, eta horren ondorioz, atxilotuen sistema inmunitarioa ahulduta zegoela. Gehitu du hormetatik zintzilikatzen zituztela, haize eta ur hotzez zipriztintzen zituztela eta batzuetan txile hautsa jaurtitzen zietela.
Kartzela zerbitzuetako arduradun batek adierazi du bere lana zela ahalik eta janaririk gutxiena ematea, “bizirauteko baino ez”. Nahita, goseak eta osasun arta gutxienekoaz eduki dituzte. 20-30 kilo galdu dituzte hainbat palestinarrek. Ez jateaz gain, azaleko gaixotasunak eta onddoak harrapatu dituzte. Tortura oso ohikoa, eta bereziki mingarria, musika oso ozen jartzea izan da, baita bi egun jarraian ere; diskoteka deitzen zioten. Ukabilekin eta oinekin gogor kolpatu dituztela azaldu dute, hankak eta eskuak lotuta eduki dituztela.
Israelgo espetxeetako tortura eta gehiegikeria salaketak ez dira berriak. Dena den, testigantzek erakutsi dute 2023ko urriaren 7tik areagotu egin direla. Giza eskubideen hainbat erakundek dio abusu politika bat daukatela Israelgo kartzeletan eta atxilotze zentroetan. Aldiz, Israelgo kartzela zerbitzuak dio kartzeletako baldintzek nazioarteko zuzenbidea betetzen dutela.