KKRk urtarrilean erosi zuen Superstruct sustatzailea, Sónar, Viña Rock edo Resurrection Fest jaialdiak sustatzen dituena besteren artean. Palestinaren kolonizazioari lotutako higiezin-jardueretan eta Israelgo sektore teknologikoan parte hartzeagatik seinalatu dute funtsa.
Amerikako Estatu Batuetako Kohlberg Kravis Roberts (KKR) inbertsio-funtsak Superstruct Entertainment erosi zuen 2024ko urtarrilean. Nazioarteko 80 jaialdi baino gehiago sustatzen ditu korporazio horrek, Espainiako Estatuko musika-ekitaldi handienetako batzuk barne; hala nola Sónar, Viña Rock, Resurrection Fest, Monegros, Arenal Sound eta FIB.
Eragiketa horrek 1.400 milioi euroko balioa izan zuen, eta KKR bihurtu da sektoreko eragile nagusietako bat Espainiako Estatuan, El Salto-k jakinarazi duenez. Izan ere, KKR da Axel Springer talde mediatikoaren akziodun nagusia; Palestinako kolonia israeldar berrietan etxebizitzak iragartzen ari den Yad2 higiezin-atariaren jabea, hain zuzen ere.
Israelgo Estatuko hainbat enpresatan ere parte hartzen du, esaterako, Guesty eta Optiv. Zibersegurtasunean jarduten du azken horrek, eta lotura du armada sionistako ofizial ohiekin. 2021ean, hala, lurpeko datu-zentro bat finantzatu zuen sionisten kontrolpeko Petah Tikvan, GTR filialaren eskutik. Henry Kravisek eta George Robertsek, funtsaren sortzaileek, Donald Trump edo Nikki Haley bezalako politikariak babestu dituzte.
Azken erosketaren ondoren, protestak piztu dira hainbat herrialdetan. Erresuma Batuan, Boiler Roomek (Superstructen jabetzakoa hori ere) publikoki aitortu ditu KKRren loturen ondorioz dituen "kontraesanak", eta "BDS mugimenduarekiko atxikimendua" berretsi du. Finlandian, Flow Festivaleko langileek boikotari ekin zioten. Galizian, seinalatutako funtsetik aldentzeko eskatu die artistei eta jaialdien antolatzaileei BDSk. El Salto-ren arabera, Resurrection Fest, Viña Rock, Sónar eta O Son do Camiñoren zuzendaritzek ez diete erantzun posizionatzeko eskaerei, ordea.