argia.eus
INPRIMATU
Israelgo Estatuak ebakuazioak agindu ditu Gazako iparraldean, lurreko erasoak areagotu dituen bitartean
  • Zazpi auzotarako eta Jabaliako errefuxiatu-kanpalekurako aginduak eman ditu estatu sionistak, eta ohartarazi dute "babesleku" izendatutako eremuak erasotzeko "patroi" bat jarraitzen duela.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko ekainaren 10

Israelgo Defentsa-Indarrak (IDF) deiturikoen arabierazko bozeramaileak, Avichay Adraeek, X sare sozialaren bidez esan du IDF "indar handiz" ari direla "lanean zuek zaudeten eremuetan erakunde terroristen gaitasunak suntsitzeko". Era berean, agindu du berehala egin dezatela alde Jabaliako, bertako errefuxiatuen kanpalekuko eta Al Nahda, Al Rawda, Al Salam, Al Nour, Al Tuffah, Al Daraj eta Tel Al Zaatar auzoetako biztanleek, Gaza hiriko babeslekuetara.

Okupazio-indarrek igorritako "agindu" horiek Gedeonen Gurdiak izeneko operazio militarraren testuinguruan izan dira. Maiatzaren 18an hasi zen plana, eta aire-erasoak eta lurreko erasoak areagotu dituzte sionistek Palestinako enklabean.

Horiek horrela, entitate sionistaren "patroi" bat identifikatu dute Forensic Architecture taldeak egindako ikerketetan: "zibilak ebakuazio-agindu ofizialen bidez zenbait eremutara mugitzera" behartzen ditu Israelgo Estatuak, gerora, bere armadak hain zuzen ere eremu zehatz horiei "eraso egin diezaien", "aginduaren egun berean edo hurrengo egunean". Patroi hori askotan berretsi da sionisten azken operazioetan eta aurrekoetan, eta nabarmenak izan dira aurrez palestinarrentzako "segurutzat" jotako eremuetan egindako erasoak.

Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera, Gazako biztanleriaren %80 baino gehiago lekualdatu da Gazako Zerrenda barruan. Ebakuazio-agindu berriek eta babeslekuen aurkako erasoek giza-eskubideen aldeko hainbat erakunderen salaketak ekarri dituzte berriz; baina, hala ere, potentzia bakar batek ere ez ditu palestinarren sarraskiaren aurkako neurri irmoak hartu, Gazako Zerrendan eta Zisjordanian inpunitate osoz sarraskitzen jarraitzen baitu estatu sionistak.