argia.eus
INPRIMATU
Israelgo Defentsa ministroa kargugabetu du Netanyahuk, gerra kudeaketan dituzten “desadostasunengatik”
  • Israel Katz da Defentsa ministro berria, orain arte Atzerri ministro izandakoa. Erabakiak israeldarren kexua eragin du eta milaka dira karriketara atera. Israelgo Gobernuko oposizioko ordezkariek prentsaurreko bateratua eskainiko dute azaroaren 6 honetan. Bizkitartean, Israelen bonbardaketek segitzen dute Palestinan, Libanon baita Sirian ere.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko azaroaren 06a
Yoav Gallant, Defentsa ministro ohia, Israelgo eta AEBetako armadetako ordezkarien ondoan.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk Defentsa ministro kargutik kendu du Yoav Gallant, eta postua bere alderdiko Israel Katz-i bideratu dio. "Gerraren kudeaketan desadostasun handiegiak" dituztelako hartu du erabakia. Aldaketak haserrea eragin du israeldarren artean eta milaka atera dira karriketara. Poliziak ur kanoiak erabili ditu manifestarien kontra eta 40 bat lagun atxilotu ditu. Netanyahuren aurkako bi eragilek –Israelerako Kalitatezko Gobernuaren Aldeko Mugimenduak eta Israelen Defentsarako Erredolak– auzitegira jo dute kargugabetzea ezeztatzeko helburuarekin. Testuinguru horretan, Netanyahuren politikari buruzko irakurketa zabalduko du prentsaurreko bateratu bidez gobernuaren baitako oposizioak azaroaren 6 honetan. "Herriaren buruzagitza eri dela" erranik, oposizioko lau ordezkariek dute hitza hartuko, alderdi demokratako Yair Golan-etik hasi eta eskuin muturreko Avigdor Lieberman-era arte, baita zentro eskuineko Benny Gantz eta ezkerreko Yair Lapidek ere.

Gazan, Libanon, Sirian bonbardaketak

Bonbardaketek segitzen dute Gazan, eta bertako Osasun Ministerioak salatu du Kamal Adwango ospitalea eraso duela Israelgo armadak. Tsahalek nagusiki Gaza iparraldea du berriz ere jomugan, dioenaz Hamasen berrantolaketa oztopatzeko xedez. Azken hilabetean 1.800 palestinar hil ditu bertan eta gutienez beste 4.000 kolpatu.

Hezbollah jomugan harturik, Siria bonbardatzen dabil ere Tsahal. Damas hiriburuan izandako eraso batean gutienez erakundeko bi kide hil ditu Israelgo armadak azaroaren 4an.

Gazarako su-etenari buruzko negoziaketak berriz abiaturik dituzte, baina ez da bi aldeen arteko adostasunik lortzen. Hain zuzen, epe labur eta mugatuko su-etena dakarren proposamenarekin ez du bat egiten Hamasek, bai ala bai gerraren behin betiko bukaera ekarriko lukeen akordioa dutelako nahi.

Hezbollaren eta Israelen arteko negoziaketak ere aitzina doaz, eta hurbileko iturriei fidatzen bagara, baliteke "hemendik hamar-hamabost egunetara" su-etenerako akordio bat lortzea.

Carrefour Jordaniatik kanpo

Israelgo armada laguntzen arituriko Carrefour multinazionalaren kontrako boikot mugimenduak emaitzak dakartza. Jordanian dituen produktu guztiak salmentatik kenduko direla jakitera eman du BDS boikot mugimenduak. Jordaniarako Carrefourrekin dituen harreman komertzial guziak mozteko erabakia hartu du Majid Al Funttaim inbertsio-partaidetza konpainiak.

Majid Al Futtaimen sei hileko txostenaren arabera, xehekako salmentaren sektoreko irabaziak kasik erdira apaldu zaizkio –%47–, "eskualdeko gatazka geopolitikoaren ondorioz kontsumitzaileek konfiantza gutiago dutelako, eskualde osoan".