Gutxienez hamar palestinar hil eta 35 zauritu ditu Israelek Zisjordaniako Jenin hiriaren aurkako operazio militar batean, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi dutenez. Hildakoen eta zaurituen kopurua etengabe handitzen ari dela eta, kopuru zehatzak jakiteko zailtasunak dituztela informatu dute ospitaleetako zuzendariek.
Israelgo armadak drone eta helikoptero bidez egin du eraso Jeninen eta inguruetan. Horrez gain, soldaduak hondeamakinekin sartu dira errefuxiatu kanpamentuetara eta etxebizitzak suntsitu dituzte.
Zaher Yabarin-ek, Hamaseko buruetako batek, Israeleko lehen ministro Benjamín Netanyahuri egotzi dio Gazako gerra Zisjordania okupatura eramatearen erantzukizuna, eta boterea mantentzeko helburuarekin egin duela azaldu du.
Israelek, bere aldetik, adierazi du Burdinezko horma izendatu duen operazioaren helburua Iranen arma eta milizien hedapenari aurre egitea dela. Israelgo lehen ministro Benjamín Netanyahuk adierazi du erasoak “Iranen ardatzari” aurre egiteko estrategia globalaren parte direla.
Nazio Batuen ohartarazpen berria
Israelgo armadaren operazioek eta erasoek Jenin hiriko eta inguruetako herritarrak guztiz isolatu dituzte. Nazio Batuen Giza Eskubideen Bulegoak ohartarazi duenez, Israelgo armadaren egonaldiak indarkeria areagotu du eta giza eskubideak larriki urratu ditu. Bulegoak gogorarazi du Israelgo agintariek betebehar legalak dituztela, eta palestinarrei giza eskubideak eta segurtasuna bermatzea ezinbestekoa dela.