Netanyahuren Gobernuak, AEBetako Gobernuaren antzera, lehen unetik babestu du Israelgo armadaren jarrera oldarkorra. Horren froga da Israelgo Gobernuaren eledun Michal Maayanek Irlandako RTÉ News kateari esandakoa.
"Zergatik ari dira zuen indar armatu israeldarrak jendea hiltzeko tiro egiten Gazan?", galdetu dio RTÉ News kate irlandarreko kazetariak Israelgo Kanpo Aferetarako Ministeritzako eledun Michal Maayani. Honek hala erantzun dio AEBetako enbaxadaren irekiera ekitaldian, aho bilorik gabe: "Tira, ezin dugu hainbeste jende espetxean sartu, ziurtatu diezazuket gure armadak ez duela hiltzeko asmoz tiro egiten, pertsona haiek atzera egin dezaten baizik".
What the?? #Israeli Government spokesperson "explains" that the use of live fire and the shooting dead of #Palestinian protestors in #Gaza is because they "can't put all these people in jail". This is genocide. (Source - @rtenews) pic.twitter.com/ktjIYJmWbN
— Robbie Doyle (@Doyle1876) May 14, 2018
Maiatzaren 14ko albistegietan eskaini zituzten adierazpen horiek RTÈ katean.
AEBek enbaxada Jerusalemera eramatearen aurkako protestetan gutxienez 60 palestinar hil eta 2.400 zauritu eragin dituzte Israelgo Armadako frankotiratzaileek.
Israelgo Gobernuaren iritzi ofiziala ondokoa izan da: "Israel bere herritarrak babesten ari da Gazako milaka lagun biolentoengandik. Mugako hesia gainditzen saiatzen ari dira, Israelera sartu eta israeldarrak hil edo bahitzeko asmoz".
AEBetako Gobernuak ikuspegi hori bere egin du eta Israelgo Armadaren jokabidea neurrikoa izan dela adierazi du. Horrekin batera, AEBetako ordezkariak Nazio Batuen Segurtasun Batzordean galarazi du Gazako hilketeei buruzko ikerketa independentea abiatzea.