argia.eus
INPRIMATU
Israelgo armadak Askatasunaren Ontzidia bahitu eta aktibistak atxilotu dituela salatu dute
  • Gazara laguntza humanitarioa eramateko, duela astebete abiatu zen Madleen itsasontzia Sizialiatik (Italia). Askatasunaren Ontzidiak salatu du nazioarteko uretan zihoazela gelditu dituela Israelgo armadak, Gazako kostaldetik 150 kilometro ingurura. Israelera eraman dituzte atxilotuak. Nazioarteko aktibisten martxa abiatuko dute ostiralean, Gaza eta Egipto arteko Rafahko pasabidera lurrez heltzeko. Atxilotuak "berehala" askatzea exijitzeko, elkarretaratzea egingo dute arratsaldean Baionako Herriko Etxearen aurrean.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 09a
Israelgo armadak Askatasun Ontzidia ekimenaren Madleen itsasontzia bahitu duen unea. Askatasunaren Ontzidia

Askatasunaren Ontzidia ekimenak blokeoa apurtu eta Gazara laguntza humanitarioa heltzea du xede. Maiatzaren hasieran, Israelek mundu osoko 50 aktibista –tartean Mikel Zuluaga Mikelon euskal herritarra– Gazara eraman behar zituen Conscience itsasontzia bonbardatu zuen dronekin. Duela astebete, berriz, Madleen itsasontzia Sizialiatik (Italia) abiatu zen Gazara bidean, eta aurretik eginiko mehatxuak betez, astelehen goizaldean bahitu du Israelgo armadak. Barruan zihoazen hamabi ekintzaileen artean ezagunenak Rima Hassan LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko europarlamentaria eta Greta Thunberg ekintzailea dira.

Askatasunaren Ontzidiak bere webgunean salatu du nazioarteko uretan zihoazela atzeman dituela Israelgo armadak, Gazako kostaldetik 150 kilometro ingurura, dronekin inguratu eta soldaduak itsasontzira igo ondoren. Israelgo Atzerri Ministerioak jakinarazi du Madleen itsasontzian zihoazen hamabi ekintzaileak Israelgo portu batera eraman dituztela, eta orain bakoitzaren jatorrizko herrialdetara bidaliko dituztela. Gainera, herrialde horretako Defentsa ministro Israel Katzek bere sare sozialetan Israelgo armadari zera agindu dio: bahitutako ekintzaileei 2023ko urriaren 7an Hamas eta Palestinako hainbat talde armatuek Israelen egin zituzten erasoen bideoak erakustea. Thunbergi "antisemita" izatea eta "Hamas babestea" ere leporatu dio Katzek.

Euskal Herrian goizaldeko laurak zirela gelditu du itsasontzia Israelgo armadak. Bahiketa gertatu aurretik, Francesca Albanese Palestinari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen kontalari bereziak jakinarazi du bere sare sozialetan komunikazioa galdu duela itsasontziarekin . Ondoren, atxilotuak "berehala" askatzeko dei egin du, eta gogoratu du Israelek Gazako palestinarrei bi hilabetez ezarri dien laguntza humanitarioaren blokea apurtzea "betebehar juridikoa" dela mundu osoko estatuentzat. Hain zuzen, AEBek eta Israelek kontrolatzen duten GHF Gaza Humanitarian Foundation erakundea hasi da elikagaiak banatzen azken bi asteetan: epe horretan, ordea, gutxienez 120 palestinar hil dituzte janaria jasotzeko zain zeudela.

Elkarretaratzea Baionan

Atxiloketaren ondoren, Madleen itsasontzian zihoazen ekintzaile guztiek aurretik grabatutako bideoak igo ditu Askatasunaren Ontzidiak bere sare sozialetara. Bideo horietan, ekintzaile bakoitzaren jatorrizko herrialdetako Atzerri Ministerioei presioa ezar dezatela eskatu dute atxilotuek, eurak "lehenbailehen" askatzeko.

Israelgo armadak atxilotutako aktibistak "berehala" askatzea eta Palestinako genozidioa gelditzea exijitzeko, elkarretaratzea egingo dute astelehenean arratsaldeko 17:00etan Baionako Herriko Etxearen aurrean.

Nazioarteko martxa abiatuko dute ostiralean

Askatasunaren Ontzidiaren azken saiakera hau koordinatuta zegoen beste ekimen batekin. Ostiralean munduko 80 herrialdeetako 3.000 pertsona inguruk nazioarteko martxa hasiko dute Gaza eta Egipto arteko Rafahko pasabidera lurrez heltzeko. Bertan izango dira hainbat euskal herritar ere –30 eta 35 artean–. Hain zuzen, ekimen horrek ohar bat kaleratu du Askatasunaren Ontzidiaren itsasontziaren bahiketak nazioarteko uren legedia urratzen duela salatuz. Martxarekin "irmotasun osoz" jarraituko dutela jakinarazi dute: "Gazako haur batek sufritzen duen bitartean eta blokeak hiltzen duen bitartean, aurrera jarraituko dugu".