argia.eus
INPRIMATU
Israelgo apartheidarekin kolaboratzen duen CAFeko presidenteari emango diote Gipuzkoako urrezko domina
  • Noiz eta Israel palestinarren aurkako genozidio betean dela, Gipuzkoako Aldundiak erabaki du erakunde sionistarekin harreman ekonomikorik handiena duen euskal enpresako presidenteari ohorezko ikurra ematea, "ongizateari eta gizarte-kohesioari" egindako ekarpenagatik.

Axier Lopez @axierL 2023ko azaroaren 24a
CAFeko presidente Andres Arizkorreta GarcĂ­a. Argazkia: CAF

Andres Arizkorreta García CAFeko presidenteari emango diote Gipuzkoako Urrezko Domina, Gipuzkoako Foru Aldundiak asteazken honetan jakinarazi duenez. Aitortza horrekin, Aldundiak Arizkorretaren figura goraipatu nahi du, "garapen ekonomiko, teknologiko eta sozialari egindako ekarpen pertsonalagatik", baita "gure industria" nazioartean zabaltzeagatik eta "ongizatea eta kohesio soziala" sustatzeagatik ere.

2019tik ezaguna denez, okupatutako lurralde palestinarretan koloniak eta Jerusalem lotzen dituen tren-sarea eraikitzen ari da CAF, Jerusalemgo tren arina izenarekin ezaguna den proiektua. Okupazioari esker irabazi handiak lortzen ari da CAF: uztailera arte EAEko enpresa guztiek Israeli egindako salmentetan lortutako 155 milioien erdia baino gehiago CAFena izan da. Jerusalemgo proiektuak 1.800 milioi euroko balioa duela zabaldu izan dute. Amnistia Internazionalak ere CAFi eskatu dio proiektua bertan behera uzteko.

CAFek Israelen dituen negozio handien bitartez, hango sistema arrazista legitimatzeaz gain, bere esku dagoen Jerusalemgo tren arinak are gehiago sendotzen du legez kanpoko okupazioa, kolonoei zerbitzuak emanez eta palestinarrak are gehiago baztertuz. Eta horregatik, hain zuzen ere, nazioarteko 130 erakunderen babesarekin BDZ mugimenduak Beasainen egoitza duen enpresa horri boikota egitera deitzen du, Siemens, Google, Disney edo Burger King bezalako multinazionalen maila berean,

Jerusalemgo Tren Arinean boikot ekintza egin zuten 2020an. Argazkia: @OrenZiv1985

Palestinarren aurkako genozidioa hasi ostean, Arizkorretaren enpresaren kezka bakarra izan da, eta hala adierazi du publikoki, Israelen dituen "negozioek ez dutela kalterik jaso", eta badaezpada ere langile guztiei –ehun langile baino gehiago– "telelana" egiteko eskatu zien. Jerusalemgoaz aparte, beste proiektu handi bat du esku artean CAFek, palestinarrei lapurtutako lurretan, Saphir eraikuntza-enpresa israeldarrarekin batera: Tel Aviveko tren arinaren eraikuntza.

Jerusalemgo tren arinaren kontratuari uko egiteko eskatu zion 2019an langileen komite osoak CAFi. Enpresak ez zien jaramonik egin, ezta, orain argi geratu denez, Gipuzkoako Aldundiak ere.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak saridunaz azpimarratu duenez, "eguneroko lanarekin Gipuzkoa lurralde lehiakor, aberastasun-sortzaile, kohesionatu eta pertsona guztien ongizatea bilatzen ditu, eta horretan ari diren pertsona horiei ez baitzaie beti ezinbesteko ekarpena aitortzen". Pertsona guztien ongizaterako eskubide hori, dirudienez, gipuzkoarrena baizik ez da, Gipuzkoako Aldundiak ez-ikusiarena egin baitu Arizkorreta buru duen enpresaren negozio handienetakoak arraza-diskriminazioa duela oinarri.

Enpresarien lobbya

Andres Arizkorreta, CAFeko presidente izateaz gain, enpresarien elkarte nagusietan parte hartutakoa da: Adegin eta Confebasken. Irailetik Círculo de Empresarios Vascos EAEko enpresarien lobbyko burua da. Talde horrek urtero banatzen du Espainiako Erresumako Saria, Espainiako monarkiarekin elkarlanean. Haien ibilbide enpresarialagatik saritu dituzte armagintza sektoreko Sener enpresako burua eta, independentzia erreferendumari aurka egiteko, Kataluniatik alde egin zuen Freixenet enpresako buruzagia, besteak beste.