Hagako Taldeak deituta, Kolonbiak eta Hego afrikak antolatu dute gailurra. Herrialdeetako ordezkariez gain, Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEren errelatorea ere Bogotan da, eta Israelekin harreman oro etetea exijitu die. EBk adierazi du Netanyahuri bere aire eremua erabiltzen utziko diola, baldin eta Israelek "bere konpromisoak" betetzen baditu.
Hagako Taldeak deituta –Boliviak, Hegoafrikak, Hondurasek, Kolonbiak, Kubak, Malaysiak, Namibiak eta Senegalek osatzen dute–, asteartean eta asteazkenean bildu dira Israel Gazan egiten ari den genozidioaren eta Zisjordanian aurrera eramaten ari den kolonizazioaren aurka neurriak hartzeko. Izan ere, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israelen kolonizazio politikek nazioarteko legea urratzen dutela ebatzi zuen, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiko kide diren herrialdeei irailera arteko epea eman zien horren aurka neurriak har zitzaten.
Kolonbiako presidente Gustavo Petrok, goi bilera hasi aurretik prentsari eginiko adierazpenetan, bilkurak iraungo dituen bi egunetan eztabaidatuko dutenaren nondik norakoak azaldu ditu: finean, Israelen kolonizazio politiken aurka herrialdeek zein neurri juridiko, ekonomiko eta diplomatiko har ditzaketen. Kolonbia eta Hego afrikak sortu zuten Hagako Taldea urtarrilaren amaieran, eta eurak ari dira goi bilera gidatzen.
Hagako Taldea osatzen duten estatuez gain, Aljeriak, Txinak, Espainiak, Palestinak, Irlandak eta Portugalek ere ordezkariak bidali dituzte gailurrera, besteak beste. NBEko hainbat kargu ere Bogotan dira: esaterako, Philippe Lazzarini UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusia eta Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEren errelatorea. Hain zuzen, azken horrek sare sozialetan gailurra "azken hogei hilabeteetako gertakari politikorik esanguratsuena" dela adierazi du, eta bertan diren herrialdeei eskatu die Israelekin harreman oro etetea.
Netanyahuri alfonbra gorria
Joan den astean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa bi aldiz bildu zen Donald Trump AEBetako presidentearekin Etxe Zurian. Washingtonera bidaiatzeko, Israelgo lehen ministroak Greziako, Italiako eta Frantziako aire eremuak igaro zituen, herrialde horietako gobernuen onespenarekin. Legez, ordea, bera atxilotzeko betebeharra dute hiru estatuek, 2024ko azaroan Hagak Netanyahu atxilotzeko agindua eman baitzuen, Gazan gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egin izana egotzita, eta Erromako Estatutua berretsia dutelako hirurek.
Horren aurrean, Albanesek sare sozialetan azalpenak ematea exijitu zien Atenas, Paris eta Erromari, nazioarteko legedia urratu zutelakoan. Euren ordez, EBko diplomaziaburu Kaja Kallasek egin dizkio adierazpenak prentsari asteartean, eta adierazi du oraingoz ez dutela neurririk hartuko hiru herrialde horien aurka, eta Israelgo ordezkariek euren aire eremutik igarotzen jarraituko dutela, baldin eta Tel Avivek "bere konpromisoak" –Gazako "egoera humanitarioa" hobetzea–betetzen baditu. EBren erabakia "arrakasta diplomatiko" gisa hartu du Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek.