argia.eus
INPRIMATU
“Israelen eta Coca Colaren aurkako boikota antolatzeagatik epaitu nahi gaituzte, besteak beste”
  • Pasa den astean jakin zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Askapenaren ilegalizazioa eskatu duela, baita Askapeña Bilboko Konpartsa, Elkartruke eta Herriak Aske elkarteen disoluzioa ere. Bost militante internazionalistari seina urteko espetxe zigorra ere eskatu die. Info7 irratiak elkarrizketa egin zion Walter Wendelin inputatuari.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 19a
Walter Wendelin da inputatutako militanteetako bat. (Argazkia: ukberri.net)

Wendelinen iritziz, talde horien ilegalizazioa eskatzea “Baltasar Garzon epaileak hasi zuen ingeniaritza juridikoaren parte” da. Aldi berean, talde horien ahots internazionalista solidarioa isilarazi nahi dela uste du.

Elkarrizketan adierazitakoaren arabera, fiskalaren akusazioak brigadak osatzea eta Israelen eta Coca Colaren aurkako boikota antolatzea leporatzen die. Baita ere, “Foro Sozialetan parte hartzea eta bidezko merkataritza bultzatzea”. Bere esanetan “gure lan guztia kriminalizatu nahi dute, nolabait, interesatzen zaielako”.

Oraindik ez dago finkatuta epaiketarako datarik Espainiako Auzitegi Nazionalean. Aurretik, 2007an Seguran atxilotu zituzten 35 pertsonaren aurkako epaiketa egin behar dute.