Gazan su-etena ospatzen duten bitartean, Israelgo politikari gehienek ez dute albistea hainbeste poztasunez hartu. Ministro-batzorde erdiak, askok koalizioan, su-etenarekin desadostasuna agertu dute. Jerusalem Post egunkariak bildu ditu erreakzioak.
Haim Yellin Eshkol eskualdeko lehendakariak adierazi du su-etena ez dela “benetazkoa”, eta bertako herritarrei etxera ez bueltatzeko eskatu die. Ministro-batzordeari Eskholen geratzeko eta erabakiak bertatik eta ez Jerusalemetik hartzeko eskatu dio.
Uri Ariel etxebizitza ministroa (Bayit Yehudi) ere su-etenaren kontra agertu da. “Israelgo herritarren gaineko mehatxua ezabatzea eta Gaza desmilitarizatzea barne hartzen ez duen edozein akordio beharrezkoa denaren erdia baino gutxiago da”, esan du Arielek.
“Ez dugu Hamas garaitu. Ez dugu arrakasta izan”, adierazi du Likud alderdiko Danny Danonek. Hamas garaitzea beharrezkoa zela uste du, bere hitzetan, Ekialde Hurbil osoak jakin dezan (Hezbollah, Estatu Islamikoa eta Iran barne) “ezin dutela Israelgo jendearen kontra egin”.
Shas alderdiko Eli Yishaik salatu du Gaza ez desmilitarizatzeak okerragoa izango den beste borroka batera eramango duela Israel: “Hamasek orain denbora izango du armaz hornitzeko eta Israelen kontra erabiltzeko”.
Ezkertiarrek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren jarrera kritikatu dute. “Su-etena oso berandu dator. Azken hilabetetan Netanyahuk egin zitzakeen akats diplomatiko guztiak egin ditu”, adierazi du Zehava Gal-On Meretz alderdiko buruak. Israelgo Gobernuari iniziatiba hartzeko eta negoziazio diplomatikoei ekiteko eskatu diote.