argia.eus
INPRIMATU
Israelek eginiko beste sarraski bat atera da argitara: Rafahn hamabost osasun langile hil eta ondoren hobi komun batera bota zituen
  • Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke anbulantziek larrialdietako argiak piztuta zituztela eraso zietela.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko apirilaren 08a
Israelek hil zituen hamabost langile humanitarioen hileta. Hatem Khaled / Reuters

2023ko urrian Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik Israelek egin duen enegarren sarraskia atera da argitara azken egunetan: martxoaren amaieran hamabost langile humanitarioren gorpuak aurkitu zituzten Rafah hiriko hobi komun batean, eta astelehenean gorpuei eginiko autopsiak baieztatu du tiroz hil zituztela soldadu israeldarrek. Hildakoen artean daude, besteak beste, UNRWA Nazio Batuen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko kide bat eta Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuetako zortzi langile.

Hain zuzen, Gazan larrialdi zerbitzuak eskaintzen dituen erakunde horrek salatu du Israelek Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta Giza Eskubideak "behin eta berriz urratzen" dituela, eta horrek "aurrekari arriskutsu" bat jar dezakeela: "Sarraski hau tragedia bat da guretzat, baina baita lan humanitarioarentzat eta gizakiarentzat ere". 2023ko urrian Gazaren aurkako erasoaldia gogortu zuenetik, Ilargi Gorriko 27 langile hil ditu Israelek, erakundearen arabera.

UNRWAko buru Philippe Lazzarinik, berriz, "erantzukizunak" eskatu ditu Nazio Batuen Erakundeko agentzia horretako langile baten hilketarengatik: "Gisa horretako hilketak errutina bihurtu dira Gazan". Zerrendako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urritik UNRWAko 280 langile hil ditu Israelek, eta, gainera, zazpi herrialdek Nazio Batuen Erakundearen agentzia hori finantzatzeari uztea erabaki zuten iazko urtarrilean: tartean, AEBek, Erresuma Batuak eta Kanadak.

Israelen bertsioa gezurtatzen duen bideoa

Gertakaria argitara atera zenean, Israelgo armadak adierazi zuen ibilgailuak ez zeudela identifikatuta, eta, beraz, eurengana "modu ezohiko" batean gerturatzen ari ziren "terroristen" aurka egin zutela tiro. Haatik, hil ziren hamabost osasun langileetako batek, Rifaat Raduan medikuak, soldadu israeldarrak eurei tiro egiten hasi ziren unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideo hori azkar zabaldu da sare sozialetan.

Besteak beste, Israelgo armadak emandako bertsioa gezurtatzen du Raduanen mugikorrean aurkitutako bideoak: bertan ikus daiteke anbulantziek larrialdietako argiak piztuta zituztela soldaduak oldartu ziren unean, eta, beraz, bazeudela identifikatuta. Horrez gain, bideoan agertzen denez, israeldarrek ibilgailuen aurka bost minutuz tiro egin zuten, etenik gabe.

"Izugarria" hilketen lekuan bilatu zuena

Jonathan Whittall Palestinako OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko burua da, eta hamabost langile humanitarioen hilketa gertatu zen lekura iritsi zen lehenengoetariko bat izan zen. Bertan aurkitu zuena "izugarria" zela azaldu du, eta salatu du "osasun langileak" ez direla inoiz soldaduen jopuntuan egon: "Langile humanitario horiek guztiak uniformea jantzita zutela hil zituzten, argi eta garbi identifikatutako ibilgailuak gidatzen ari zirela eta biziak salbatzera zihoazela". Izan ere, Ilargi Gorriak jakinarazi du anbulantziak soldadu israeldarrak zeuden lekura gerturatu zirela bertan zeuden zauritu palestinar batzuk artatzera.