Israelgo armadaren (IDF) ikerketa batek ondorioztatu du Al Jazeera-ko kazetariari “istripuz” egin ziola tiro soldadu batek, baina ez dutela ikerketa penalik zabalduko. Nazio Batuen Erakundearen, giza eskubideen hainbat elkarteren eta zenbait komunikabideren ikerketek ziurtatu dute Abu Akleh Israelgo armadak hil zuela, buruan tiro eginda.
Astelehen arratsaldean kaleratu du Israelgo armadak (IDF) Shireen Abu Akleh 51 urteko kazetari palestinarraren hilketari buruzko ikerketa: txostenean diote Israelgo armadak hil izana “aukera handia” dela, baina ez dela posible “zalantzarik gabe” ziurtatzea nondik heldu zen kazetaria hil zuen bala. Gaineratu dute “istripuz” egin ziola tiro soldaduak, eta une horretan palestinarren tiroak jasotzen ari zirela israeldarrak, eta, beraz, egoera hori kontuan izanda, ez dutela ikerketa penalik zabalduko. NBEren, giza eskubideen hainbat elkarteren eta zenbait komunikabideren ikerketek hori gezurtatu dute.
Al Jazeerako kazetari beteranoa zen Abu Akleh, eta Jeningo errefuxiatu-esparruan egiten ari ziren sarekadari buruz informatzen ari zela buruan tiro bat emanda hil zuen Israelgo armadak, maiatzaren 11n. Qatarreko hedabidearen, Palestinako agintarien eta han bertan zeuden lekuko eta kazetarien arabera, Israelgo indarrek nahita hil zuten 51 urteko kazetaria. Gertakarien uneko irudiek ere ez dute erakusten IDFren txostenak dioena, alegia, soldaduak palestinar borrokalarien tiroak jasotzen ari zirela, Al Jazeerak gogorarazi duenez.
Abu Akleh-ren familiak astelehenean bertan kritikatu du ikerketa, eta Israeli leporatu dio kazetaria hiltzearen gaineko ardura saihesteko “egia ilundu” izana: “Espero bezala, Israelek ez du ardurarik hartu bere gain Shireen hiltzeagatik. Gure familia ez dago harrituta emaitza honekin, zeren edonorentzat agerikoa baita ezin dituztela ikertu Israelgo gerra kriminalek euren krimen propioak”.