Espainiako Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, bertan, Israel-Premier Tech taldeak hartuko du parte. Txapelketaren zuzendari Javier Guillének esan du "ezin dituztela kanporatu, puntuazioa dela eta parte hartzeko eskubidea" irabazi baitute.
Espainiako Vueltako zuzendaria Israelen parte hartzeari dagokionez mintzatu da elkarrizketa batean: "Ez diogu muzin egiten Gazan gertatzen ari denari, eta haiek (Israelgo taldea) kanporatzeko eskakizunak iritsi zaizkigu, baina taldeak lortutako puntuengatik irabazi du Vueltan parte hartzea, ez da gonbidapen bat. Parte hartzeko eskubidea du eta babestu behar dugu".
Hainbat eragilek eskatu dute Israel-Premier Tech taldeak lehiaketan parte ez hartzea. Hori horrela, hainbat kolektibo batu dira "genozidiorik gabeko kirola" kanpaina abiatzeko. Kanpaina horretan salatu dute Espainiako Vuelta Israelen ohiko "sportswashing"-a (zuriketa) sustatzen ari dela. Eragileen esanetan, lehiaketa antolatzen duen enpresak aukeratu zuen Israel parte-hartzaile gisa 2020an, eta estatu sionistaren parte hartzea ez dute inoiz zalantzan jarri, nahiz eta "Israelek hamarkadak daramatzan Nazioarteko Zuzenbidea eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa urratzen, eta gaur egun giza eskubideen aldeko elkarte ugarik leporatzen dioten genozidioa egitea".
Zurekin Nafarroa koalizioak salatu du Israelen parte hartzea. Haien hitzetan, taldearen izen ofizialak Israelgo Estatuaren izena du eta sionismoari lotutako erakundeen finantzaketa jasotzen du. Haren parte-hartzeak "genozidio basatia egiten ari den apartheid erregimena zuritzeko nazioarteko propagandarako tresna" bihurtu du Vuelta. Koalizioak azpimarratu duenez, kirolak kidetasun balioak sustatu behar ditu eta ez du "gizakiaren zentzugabekeriarik basatiena zuritzeko" baliatu behar. Horrela, koalizioak eskatu dio Nafarroako Gobernuari Unipublic enpresa antolatzaileari eska diezaiola talde israeldarra txapelketatik kanporatzea. Eskaera bera egin die Vueltak igaroko dituen udalerrietako udal gobernuei.