argia.eus
INPRIMATU
Israelek lurreko inbasioa hasi du Gazan, AEBen oniritziarekin
  • Astearte goizaldetik tankeak aurrera egiten ari dira Gaza Hirira bidean. AEBetako Estatu Idazkari Marco Rubio astelehenean egon da Israelen; Qatarren egongo da asteartean, harekin bakeak egin asmotan, Israelek eraso egin baitzion pasa den astean. NBEk lehen aldiz "genozidio" izendatu du Israel Gazan egiten ari dena.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 16a
Gazako Zerrenda inguratu dute tankeek orain arte. France24

"Gaza sutan" dagoela pozarren esan du Israelgo Defentsa ministroak, Israel Katzek, astearte goizean sare sozialetan. "Ez dugu atzera egingo helburuak bete arte", esan du. Aldi horretan, EFE albiste agentziaren arabera, apurka-apurka aurrera egiten ari ziren tanke israeldarrek Gaza Hiriaren ingurunean. Aireko erasoekin jarraitu dute bien bitartean, eta, aldi berean, Gaza Hiria ebakuatzeko deia egin du armadak. 

Hainbat eraikin birrindu ditu Israelek gauean. Wafa albiste agentzia palestinarraren arabera, gutxienez 38 pertsona hil dituzte azken orduotan. 

AEBen bisitaren helburua

AEBetako Estatu Idazkari Marco Rubioren bisita jaso zuen astelehenean Israelek. Lehen ministro Benjamin Netanyahurekin batzartu zen Mendebaldeko Jerusalemen. AEBek Israeli "babesa" adierazi die, nazioartean areagotzen ari den Israelen aurkako presioaren testuinguruan. Israelen aurka mintzo direnak "gobernu ahulak" direla esan du Netanyahuk, eta estimatzen duela AEBek "ausart" jokatzea. Rubiok ez zuen besterik esan, baina itxura guztien arabera, Israel prestatzen ari zen erasoari oniritzia ematera joan zen Jerusalemera.

Qatarren da gaur Rubio. Giroa gaizto dago herrialde arabiarren eta Israelen artean, besteak beste, pasa den astean Qatarreko Doha hiriburuan lehergailuak jaurti zituelako armada sionistak. Su-eten negoziaketetan aritu dira Dohan, han ziren Hamaseko buruzagiak, eta haien aurka egin zuen Israelek. Rubioren bisitaren helburua izango da, AlJazeerak astearte goizean kontatu moduan, "ahal den moduan bakeak egitea".

Egunotan, hain justu, bilkura egiten ari dira buruzagi arabiar eta musulmanak Dohan, Arabiar Ligak eta OIC Kooperazio Islamikorako Erakundeak deituta, Israelen erasoari erantzuna emateko. Israel zigortzeko hainbat neurri hartzeko exijitu dute dagoeneko: hala nola gainerako estatuei eskatu diete bertan behera uzteko Israelekin dituzten harreman diplomatikoak, baita Israel NBEtik kanporatzeko ere, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak ebatzitako atxiloketa aginduak konplitzeko ere bai.

NBEko Ikerketa Batzordeak ere, "genozidioa" aipagai

Astearte goizean ezagutarazi denez, Nazio Batuen Erakundeko Ikerketa Batzordearen txosten batek lehen aldiz "genozidio" izendatu du Israel Gazan egiten ari dena 2023ko urriaren 7az geroztik.

Ekintza genozida hauek nabarmendu ditu txostenak: erailketak, kalte fisiko eta mental larriak eragitea, bizi baldintzak apropos kaltetzea era kalkulatuan, eta horien erruz, heriotzak eragitea eta jaiotzak galaraztea. Tratu txarrak ez ezik, torturak, sexu erasoak, bortxazko desplazamenduak, ingurumena eta azpiegiturak suntsitzea, beharrezko giza laguntza iristea oztopatzea eta osasun langileei haien lana egitea galaraztea nabarmendu ditu NBEko batzorde independenteak. "Asmoa argia da: palestinarren suntsiketa, erabatekoa edo partziala", diote txostengileek.

NBEko Ikerketa Batzordeak, horrez gain, dei egin die estatuei esku hartzera, "genozidioa gelditzera", denen ardura dela argudiatuta. "Ezer egiten ez badute, ondorio legalak izan ditzakete", dio txostenak NBEko estatuak interpelatuta.