argia.eus
INPRIMATU
Israelek maiatzetik gutxienez 800 palestinar hil ditu laguntza humanitarioa jasotzen saiatzen ziren bitartean
  • Gaza Humanitarian Foundationen elikagai banaketa erabiltzen ari dira palestinarrak hiltzeko. Oraingoan, ur horniketa suntsitzeaz gain, hamar pertsona, haien artean sei adin txikiko, hil ditu Israelek Nuseirat kanpamentuan, Gaza hegoaldean.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 15
Gazatarrak ura jasotzen UNICEFeko kamioi batetik. UNICEF

Beste hamar palestinar hil ditu Israelek igandean, eta gutxienez hamasei zauritu, Nuseirat errefuxiatuen kanpamentuko ur banaketa puntu bati eraso egin eta gero. Israelen drone bat tiroak jaurtitzen hasi zen jendetza banaketa puntuan pilatuta zegoenean. Israelgo armadak bere burua justifikatu du "matxura teknikoa" arrazoituta, haien arabera bere helburua metro batzuetara zegoen "yihad islamikoko" kide bat zen. Hala ere, Israelek hainbatetan eraso ditu elikagai eta ur banaketa puntuak. Duela hamar egun ura gatzgabetzeko instalazio bat bonbardatu zuen Israelek, instalazioa palestinarrek aterpe moduan ere erabiltzen zuten.

Larunbatean, Gaza Humanitarian Foundationek (AEBek eta Israelek babestutako fundazioa) kudeatutako elikagai puntu batean soldadu israeldarrek 27 palestinar hil zituzten eta beste asko zauritu, CNNren arabera. Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak jakinarazi duenez, banaketa puntutik gertu daukaten kanpaina ospitaleak 132 palestinar artatu zituen, guztiak armek eragindako zauriak zirela eta. 

NBEko goi komisionatuak zabaldutako datuen arabera 800 palestinar inguru hil ditu Israelek laguntza humanitarioa jasotzen saiatzen ari ziren bitartean, maiatza amaiera eta uztaila hasiera bitartean, GHFren jarduna hasi zenetik, hain zuzen ere.