Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik zerrendan, Rafahko pasabidean laguntza humanitarioa daramaten 430 kamioi inguru sartzeko zain dauden bitartean.
Gaza Hiria osorik okupatzeko asmotan, Israel eremuaren aurkako aire erasoak gogortzen ari da azken egunetan: asteartetik asteazkenera bitarte 24 palestinar hil ditu zerrendan, horietatik hemeretzi Gaza hiriko Zeitoun barrutiaren eta hiri hegoaldeko errefuxiatuentzako kanpaleku baten aurka eginiko bonbardaketetan. Horrela, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik Israelek gutxienez 63.000 palestinar hil ditu zerrendan eginiko aire eta lurrezko erasoetan. Astelehenetik asteartera bitarte, berriz, ia laurogei lagun hil ziren Gazan, horietatik bost goseteaz.
Israelek Gazara bidalitako laguntza humanitarioa ezarritako blokeoaren ondorioz –elikagaiak daramatzaten 430 kamioi daude Rafahko pasabidean, zerrendara sartzeko zain–, areagotzen ari da goseteaz hildako palestinarren kopurua: Gazako Osasun Ministerioak dio 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil direla elikagai eskasiagatik. Egoeraren larritasuna medio, OME Osasunaren Mundu Erakundeak asteartean kaleratutako ohar batean salatu du Gazara ez dela nahikoa laguntza humanitario sartzen ari, eta horren errudun Israel dela.
Izan ere, duela bizpahiru hilabete Tel Avivek konpromisoa hartu zuen zerrendan laguntza humanitarioa jasotzeko zentroak irekitzeko, GHF Gaza Humanitarian Foundation erakundearen bidez –Gazan jardun hori edukitzeko baimena duen bakarra–. Joan den astean, ordea, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi zuen ordutik Israelgo armadak 1.400 palestinar hil dituela laguntza jasotzera zihoazela. MSF Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak, joan den astean argitaratutako txosten batean, ondorioztatu zuen GHF erakundearen kontrolpeko zentroetan "sarraski antolatuak" gertatzen ari direla, eremu horietan Israelgo armada "indarkeria" erabiltzen ari baita palestinarren aurka.
Netanyahuk dio "erronka historiko eta espiritual" batean dagoela
Israelgo i24 telebista katean asteartean eginiko elkarrizketa batean, Benjamin Netanyahu herrialdeko lehen ministroak adierazi du judutarren hurrengo belaunaldientzako "historikoa eta espirituala" den erronka batean murgilduta dagoela: "Judutarren belaunaldi ugarik amesten dute hona etortzearekin, eta beste hainbeste etorriko dira gure ondoren". Gainera, Israel Handia kontzeptuarekin duen loturaz galdetuta, Netanyahuk esan du "lotura estua" duela.
Israel Handia kontzeptua 1967an Israelek hainbat herrialde arabiarren aurka eduki zuen Sei Eguneko Gerraren ostean sortu zuten, eta une horretan Israelek okupatuta zuen eremuari dagokio: Israelgo egungo lurrez gain, Jerusalem ekialdea, Gaza, Zisjordania Egiptoko Sinai penintsula eta Jordaniako mendebaldeko zenbait eremu barne hartzen ditu.