argia.eus
INPRIMATU
Global Sumud Flotillako euskal ordezkaritza
“Israelek Gazara heltzea eragotzi nahi badigu, indarrez egin beharko du”
  • Igande arratsaldean irten da Bartzelonako portutik Palestinaren aldeko inoizko ontzidirik handiena: 30 itsasontzi inguru eta 300 bat ekintzaile, Gaza helburu, blokeoa apurtu eta genozidioa salatzeko. Bidean ontzi gehiago batuko zaizkie Mediterraneoko hainbat portutatik. Gauean lehorrera itzuli dira eguraldi txarra medio, baina astelehenean irtengo dira berriz ere, ontzietako batean doan Itziar euskal ordezkaritzako kideak ARGIAri azaldu dionez.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko irailaren 01

Igandean, ekimenari babesa adierazi eta ontziei agur kolektiboa egiteko eguna antolatu du Global Sumud ekimenak Bartzelonan. Euskal Herritik hiru autobus irten ziren larunbat gauean. Eguna “pasada bat” izan dela azaldu du Itziarrek: “Milaka pertsona batu ginen, jendetza, eta emozio kolektibo handia nabari zen, jendearen begietan islatzen zen”.

Global Sumud Flotilla Euskal Herria mugimendutik lau ordezkari igo dira ontzietara –beren izen-abizenak ez ematea erabaki dute, “arreta Gazan jarrita egon behar duelako”–, gehiago ere baziren prest, baina ez zegoen tokirik guztientzat. Arazo orokorra izan da, antolakuntzatik adierazi dutenez: Bartzelonatik orotara 47 nazionalitatetako 300 aktibista inguru abiatu dira, baina 2.000 pertsonak eman dute izena.

Hogei egun inguru Gazara heltzeko

Aurreikuspenen arabera, Bartzelonako portutik astelehen gauean irten eta hogei egun inguru barru helduko dira ontziak Gazara. Bidean, Mediterraneoko beste hainbat herrialdetatik itsasoratutako dozenaka ontzi gehiago Flotillara batzen joango dira. Hedabidetan argitaratutakoaren arabera, uste da Italia, Grezia eta Tunezekoak izango direla, baina antolakuntzak ez du zehaztu.

Hainbat ontzidi antolatu dira azken urte eta hilabeteetan Gazan laguntza sartu, blokeoa apurtu eta genozidioa salatzeko helburuarekin, baina ontzi bakarrez edo gutxi batzuez osatutakoak izan dira (ARGIAren kanal honetan daude irakurgai horietako batzuen inguruko informazioak). Israelek denen aurka egin du, ontziak itsasoratu aurretik sabotatuta, presio diplomatiko bidez beste herrialde batzuen debekuak behartuta, edo ontziei nazioarteko uretan eraso egin eta ekintzaileak kolpatu edota atxilotuta. Lehenbiziko ontzidia 2010ean antolatu zuten: Israelek gauez egin zion eraso Turkiatik irten zen ontziari, eta bederatzi pertsona hil zituzten militar sionistek.

“Nazioarteko legedia betetzen ari gara”

“Badakigu nola jokatu duen Israelek orain arte”, azaldu dio Itziarrek ARGIAri, “baina inoiz ez dute horrenbeste ontzik eta militantek parte hartu flotillan, eta inoiz ez du lortu oraingoa honen oihartzun komunikatiboa”. Baikor azaldu da: “Gure helburua Gazara heldu eta blokeoa apurtzea da. Nazioarteko legedia betetzen ari gara, gure aurka egiten badu Israel izango da legedi hori urratzen duena”. Aurreikustekoak diren zailtasunen aurrean, Global Sumud Flotillak erabakitasunez jokatuko duela iragarri du: “Israelek mehatxatzen bagaitu, aurrera jarraituko dugu; Gazara heltzea eragotzi nahi badigu, indarrez egin beharko du”.

Hemen El Salto-k argitaratutako hainbat argazki, lizentzia libreei esker ekarriak: