argia.eus
INPRIMATU
Israelek Gaza erabat okupatzeko plana onartu du, palestinarrak zerrendatik kanporatzeko eta gatibu israeldarrak askatzeko
  • Trumpek Gazarako behin baino gehiagotan proposatutako garbiketa etnikoarekin jarraituko du Tel Avivek. Netanyahuk sare sozialetan jakinarazi duenez, Israelek milaka erreserbista deitu ditu Gazaren aurkako setioa gogortzeko eta "erabateko garaipena" lortzeko.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 05

28 palestinar hil ditu Israelen bonbardaketa batek Gazan astelehenean; horrela, 2023ko urriaren 7az geroztik gutxienez 52.000 pertsona hil ditu zerrendaren aurkako erasoetan. Bada, badirudi hildako kopuru hori nahiz Gazan eragindako txikizioa ez dela nahikoa Israeleko agintarientzat: zerrendaren aurkako lurreko erasoaldia gogortzeko plan bat onartu berri du Israelgo Segurtasun Kabineteak, Benjamin Netanyahu herrialde lehen ministroa buru duena.

Nazioarteko hainbat hedabideren arabera, plan horrek Gazaren erabateko okupazioa izango luke xede, "Hamasek bahituta dauzkan israeldarrak askatzeko eta talde armatua garaitzeko" helburuarekin. Hain zuzen, gatibu israeldarren auzia izan zen Israelek martxoaren 18an Gazarako su-etena apurtzeko arrazoi nagusietako bat; izan ere, meniaren lehen fasean adostutako preso truke guztiak egin ostean, Tel Avivek mehatxu egin zion Hamasi, bahitu israeldar guztiak askatu ezean gerrari berrekingo ziola.

Gazaren aurkako setioa areagotzeko, Netanyahuk igandean bere sare sozialetan jakinarazi zuen milaka erreserbista deitu zituztela –zerrendaren aurkako erasoaldia hasi zutenetik, guztira dituzten 460.000 erreserbistetatik 300.000 erreserbista mobilizatu– "erabateko garaipena" lortzeko. Israelek onartutako planak men egingo lioke Trumpek AEBetako presidentetzara iritsi zenetik behin eta berriz proposatukoari: palestinarrak Gazatik kanporatzea eta hegoaldera bidaltzea.

Laguntza humanitarioaren esku hartzea

Berriki onartutako planak puntu esanguratsu bat barne hartzen du: hilabete baino gehiagoz Israelek blokeatuta eduki ondoren, Gazara heltzen den laguntza humanitarioa Tel Aviven esku geldituko litzateke. Azkar erantzun dio proposamen horri Hamasek, eta adierazi du laguntza humanitarioa ezin dela "txantaje" gisa erabili.