argia.eus
INPRIMATU
Israelek eta Iranek elkarri eraso egiten jarraitzen dute, geroz eta intentsitate handiagoarekin
  • Israelek ostiralean Irani eraso egin ostean, azken horretako lider nagusi Ali Khameneik "mendekua" iragarri zuen. Israelen erasoek dagoeneko 224 lagun hil dituzte Iranen; 23, berriz, Iranek Israelen eginikoek, horietatik zortzi igandean. Irango Parlamentuan NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunetik ateratzeko lege proposamena prestatzen ari dira.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 16a
Tel Aviv hegoaldeko Bnei Brak (Israel) hiriko eraikin bat, Iranen eraso baten ostean. Chen Kalifa / Reuters

Israelek ostiralean Irango eremu nuklearrei eta goi karguei eraso egin zienetik, bi herrialdeen arteko erasoek ez dute etenik izan. Are gehiago, droneen eta misil balistikoen bidez eginiko erasoen intentsitatea geroz eta handiagoa izaten ari da, baita horiek eragindako ondorioak ere: Hossein Kermanpour Irango Osasun Ministerioko bozeramaileak igande honetan baieztatu du ostiraletik Israelen erasoek 224 pertsona hil dituztela Iranen, gehienak Teheran hiriburuan; Israelen, berriz, Hareetz hedabideak jakinarazi du Iranek misil balistikoekin igandean eginiko azken erasoek zortzi hildako utzi dituztela, eta, horrela, guztira 23 direla hildakoak.

Israelen eta Iranen artean arma nuklearren inguruko tentsioa aspaldikoa bada ere, azken asteetan nabarmen handitu dira bien arteko mehatxuak. Izan ere, Israelek ostiraleko erasoa ez zuen edozein testuingurutan egin: AEBak Iranekin negoziatzen ari dira honek uranioa aberasteko bere programa nuklearra albora dezan, eta oraindik akordio batera heltzeko aurreikuspenak urruti bazeuden ere, bi herrialdeak negoziazioen seigarren saioa egitekoak ziren igandean, Omanen. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak ohar batean adierazi zuen ostiralekoa "Israelen aldebakarreko erasoa" izan zela, baina Donald Trump AEBetako presidenteak ez zuen Irani eraso egiteko aukera baztertu biek dituzten negozioazioek aurrera jarraitzen ez badute.

Iranen aurka eginiko lehen aire erasoan Israelek dozenaka helburu nuklear eta militar izan zituen jopuntu, baita gune horietako buru diren pertsonak ere. Besteak beste, Guardia Iraultzaileko buru Hossein Salami jenerala eta hainbat ingeniari hil zituzten. Horren aurrean, Irango lider nagusi Ali Khameneik "mendekua" iragarri zuen, eta hala berretsi zuten: ostiralean bertan 100 drone eta dozenaka misil jaurti zituzten Israelera, batez ere Tel Avivera, eta hango aire defentsak gehienak suntsitzea lortu bazituen ere, hainbat misil balistikok talka egitea lortu zuten, esaterako, Israelgo Defentsa ministerioaren egoitzarekin.

Su-eten baterako itxaropenak, urruti

Ostiralaz geroztik, bi herrialdeek bakoitzaren gune nuklearrei eta militarrei eraso egiten jarraitu dute, baita herritarrak bizi diren hainbat eremuei ere. Erasoak ez dira soilik Tel Aviv eta Teheran hiriburuetan gertatu. Esaterako, larunbatetik igandera bitartean Iranek jaurtitako misil balistikoek Israelgo kostaldeko Haifa hiria izan zuten jopuntu, bertan baitago herrialdeko petrolioa fintzeko azpiegiturarik handiena. Eta Israelgo ehiza hegazkinek behin eta berriz eraso egin diete Irango Natanz, Isfahan edota Fordow bezalako eremu nuklearrei.

Europako hainbat agintarik gatazkaren inguruko adierazpenak egin dituzte. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak larunbatean Irani leporatu zion gatazka abiatzea, eta "beharrezkoa balitz Israelen defentsan" parte hartuko zuela adierazi zuen: "Ezin gara Iranek arma nuklear bat duen mundu batean bizi". Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak Irani Israelen aurkako erasoak etetea exijitu dio.

Iran NPTtik ateratzeko lege proposamena

NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren kide da Iran, NBEren ekimenez sortua eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak ikuskatzen duena. Itunaren bidez, haren parte den edozein herrialderen uranioa aberasteko programaren gaineko kontrola du IAEAk, suntsipen handiko armen eta arma nuklearren gehiegizko garapena galarazteko helburuarekin. Bada, Irango Atzerri Ministerioko bozeramailea den Esmaeil Baghaeik zera iragarri du astelehenean: Irango Parlamentuan NPT-tik irteteko lege proposamena prestatzen ari direla.