Israelen bonbardaketek Siriako Defentsa Ministerioa eta presidentearen egoitzaren ingurua izan dituzte jo-puntuan. Asteburuan tribu beduinoen eta milizia drusoen artean piztutako liskarrek gutxienez 300 hildako eragin dituzte As-Suwayda hirian. Israelen erasoen ondoren, Siriako armadak iragarri du milizia drusoekin akordio batera iritsi dela, eta hiri horretatik alde egingo dutela soldadu siriarrek.
Baxar al-Assaden erregimena erori eta zortzi hilabetera, bizirik diraute gerra zibilean Siria hamalau urtez kolpatu duten barne liskarrek: asteburuan tribu beduinoen eta milizia drusoen artean istiluak piztu ziren As-Suwayda hirian, Damasko hegoaldeko probintzia bateko hiriburuan, eta Giza Eskubideen Siriako Behatokiak asteazkenean jakinarazi zuenez, gutxienez 300 hildako eragin dituzte. Damasko eta As-Suwayda arteko errepidean beduinoek merkatari druso bat bahitu zuten ostiralean, eta erantzun gisa drusoak beduinoekin gauza bera egiten hasi ziren. Orduan, bi etniak elkarren aurka "modu bortitzean" oldartzen hasi ziren igandetik aurrera, Suwayda24 bertako hedabideak adierazi zuenez.
Egoeraren larritasuna medio, Siriako armadak As-Suwaydan esku hartuko zuela iragarri zuen astelehenean, "gatazka amaitzeko, segurtasuna bermatzeko eta gertakarien erantzuleak epaitzeko", Barne Ministerioaren arabera. Israelek, ordea, drusoen aurka oldartuz gero –2019an 143.000 druso bizi ziren Israelen, biztanleriaren %1,6a– egoera are gehiago okertuko zuela mehatxu egin zion Siriako armadari, eta hala egin du asteazkenean: Damasko hiriburuaren bihotza bonbardatu du Tel Avivek, hain zuzen, Defentsa Ministerioaren eraikina eta presidente Ahmed al-Xaraaren egoitzaren ingurua.
Siriako telebista publikoak zuzenean jaso zuen bonbardaketa horietako bat azpiko bideoan ikus daitekeenez.
Siriako Osasun Ministerioaren arabera, hiru hildako eta 34 zauritu eragin dituzte Israelen bonbardaketek. Horrez gain, As-Suwayda hirira zihoazen Siriako armadaren hainbat ibilgailu ere jo-puntuan izan ditu Tel Avivek azken egunetan. Damasko bonbardatu ondoren, zera argitaratu du Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek sare sozialetara: "Kolpe mingarriak hasi dira". Tel Aviven mehatxuari men eginez, soldadu siriarrek As-Suwaydatik alde egingo dutela iragarri du al-Xaraak, milizia drusoekin su-eten akordio batera iritsi ostean.
Siriako Gobernuaren buruhaustea
Boterera abenduan iritsi zenetik, al-Xaraaren –HTS Sortaldea Askatzeko Erakundearen buru ohia– Siriako Gobernuarentzako buruhaustea izan da As-Suwayda eskualdea, horren kontrolpean eta agintepean milizia drusoak baitaude gaur egun. Siriako Gobernuaren gertuko milizien eta talde armatu drusoen arteko liskarrek gutxienez 100 hildako eragin zituzten bizpahiru egunetan, apirilaren amaieran. Orduan ere, Damasko eta buruzagi drusoak akordio batera iritsi ziren, eta azken horiei eskualdearen kontrola eman zieten.
Drusoen kontra soilik ez eta Al-Assaden aurkako jarraitzaileei ere aurre egin behar izan die Siriako agintari berriek boterera heldu zirenetik. Izan ere, martxoaren hasieran Siriako presidente ohiaren jarraitzaileek osatutako hainbat miliziak Siriako armadaren aurkako erasoak egin zituzten herrialdeko kostaldeko Latakia probintzian, eta erantzun gogorra izan zuten: Giza Eskubideen Siriako Behatokiak argitaratutako ohar baten arabera, gobernuko indarrek gutxienez 1.311 pertsona exekutatu dituzte bizpahiru egunetan –830 zibil tartean– , "mendeku gisa eta odol hotzean". Siriako hegoaldeko probintzia horretan bizi dira herrialdeko musulman alaui gehienak; biztanleen %13 dira musulman xiiten adar horretakoak, tartean al-Assad presidente ohia.