argia.eus
INPRIMATU
Israelek 31 lagun hil ditu Gaza hegoaldean, laguntza humanitarioa banatzen ari ziren zentro batean
  • Israelgo armadako tankeak eta droneak zentrora bertaratzen ari ziren palestinarrei eraso egiten hasi dira, eta 31 lagun hil eta 115 zauritu dituzte. Israelek AEBek proposatutako su-etena onartu ostean, Hamasek zenbait baldintza gehitzea eskatu du: su eten iraunkorra lortzea, tropak zerrendatik ateratzea, eta laguntza humanitarioaren sarbidea bermatzea. Zisjordanian 22 kolonia berri ezartzea erabaki du Israelek.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 02a
Palestinarrak laguntza humanitarioa banatzeko zentro batetik itzultzen, Gazako Rafah hiritik gertu. AFP

Bi hilabetez Gazara bideratutako laguntza humanitario guztia itxita eduki ondoren, joan den astean ekin zioten janaria banatzeari zerrendako palestinarrei: GHF Gazako Fundazio Humanitarioa ari da banaketaz arduratzen, AEBetako enpresa baten gidaritzapean Israelgo armadak kontrolatzen duena. Duela astebete Israelgo soldaduek hiru palestinar hil eta 46 zauritu zituzten janaria banatzen ari ziren zentrora bertaratutakoei tiro egin ostean, eta gauza bera egin dute larunbatean: tankeak eta droneak zentrora joan diren palestinarrei eraso egiten hasi dira, eta azkenean 31 pertsona hil eta 115 zauritu dituzte, Gazako Gobernuak emandako datuen arabera.

Harrabots ugari eragin du GHFk bere sorreratik: Israelek maiatzaren hasieran aurkeztutako Gaza erabat okupatzeko planaren parte da elkartea. Palestinarrak zerrendatik kanporatzeaz gain, plan horrek xede du Gazara iritsitako laguntza humanitarioa Tel Aviven esku gelditzea. NBE Nazio Batuen Erakundeak ez du bat egin GHFk abiatutako elikagaien banaketarekin, "Gaza erabat okupatzeko" Israelek bitarteko gisa erabili nahi duen elkartea dela gaitzetsita. Hamasek, berriz, behin baino gehiagotan salatu du Israelek laguntza humanitarioa "txantaje" gisa erabiliko duela GHFren bidez.

Su-eten akordio batera iristeko aukera, berriz mahai gainean

Martxoaren 18an su-etena apurtu eta egun bakarrean gutxienez 400 lagun hil ostean, Gazarako menia berri baten aukerz hitz egiten hasi da berriro ere. Azken hilabeteetan bitartekari lanak egiten ari dira AEBak, Qatar eta Egipto, eta 60 eguneko su-eten proposamena egin zieten bi aldeei asteazkenean. Besteak beste, Hamasek dituen hamar gatibuak Israelera itzultzea aurreikusten du proposamenak –hilik dauden beste hemezortziren gorpuez gain– eta Tel Avivek 1.236 preso palestinar askatzea. Bi egun geroago eginiko prentsaurrekoan, Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek jakinarazi zuen Israelek onartu egin zuela proposamen hori. Hamasek, ordea, adierazi zuen "aztertzen" ari zela, menia akordioak “hilketek eta goseteak” bere horretan jarraitzea bermatuko bailuke.

Talde palestinarrak igandean argitaratutako ohar baten jakinarazi du prest dagoela su-eten proposamena onartzeko, baina ondorengo hiru helburuak gehituta: su-etena iraunkorra izatea, tropak zerrendatik ateratzea, eta laguntza humanitarioaren sarbidea bermatzea.

Zisjordanian 22 kolonia berri ezarriko ditu Israelek

2023ko urriaz geroztik Israelek abiatutako oldarraldia ez dute soilik Gazako palestinarrek pairatu: izan ere, hamarkadetan zehar Zisjordanian aurrera eramandako okupazioa azkartu du Israelek, eta berriki iragarri du 22 kolonia gehiago ezarriko dituela bertan. Israelgo Gobernuko bi ministrok eman zuten asmoaren berri ostegunean, eta Israel Katz Defentsa ministroak adierazi zuen Zisjordanian kokagune berriak ezartzea "estrategikoa" dela bertan bizi diren israeldarren "segurtasuna" bermatzeko.

Israelgo Peace Now gobernuz kanpoko erakundea Zisjordanian ezartzen diren kokaguneak ikertzeaz arduratzean da, eta salatu du 1993an Israelek eta Palestinak Osloko Akordioa sinatu zutenetik Tel Avivek ez dituela erabaki kolpe bakarrean hainbeste kolonia ezartzea. Gainera, gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 2022ko abenduan Israelgo egungo gobernua eratu zutenetik, Zisjordanian 49 kolonia berri iragarri dituzte.