Maiatzaren hasieran zerrendaren aurkako oldarraldia "gogortuko" zuela iragarri ondoren, esandako berresten ari da Israel: azken 224 orduetan 50 lagun hil ditu. Gainera, Gazan bizi diren 2,5 milioi palestinarrek pairatzen duten gosetea areagotzen ari da azken asteetan. Gernika-Palestinak Israelen erasoak gelditzeko "neurri zehatzak eta eraginkorrak" eskatu ditu agerraldi batean. Madrilen bildu dira igandean hogei herrialdetako ordezkariak, Tel Avivi presioa ezartzeko hartu beharreko neurriez mintzatzeko.
Israelek Gazaren aurkako oldarraldia "gogortzea" eta zerrenda erabat okupatzea xede duen plana iragarri zuen maiatzaren hasieran, eta esandakoa berresten ari da geroztik: azken 24 orduetan 50 lagun hil ditu, horietatik 30 inguru errefuxiatuen babeslekua zen Gaza iparraldeko Fahmi Al-Jarjawi hiriko eskola batean, bonbardaketa baten ondorioz bertan zeudenak bizirik erre ondoren. 2023ko urrian zerrendaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, gutxienez 54.000 palestinar hil ditu Israelek, horietatik 700 inguru joan den asteko igandeaz geroztik.
Aire erasoak soilik ez eta zerrendan dauden palestinarrek pairatzen duten gosetea ere areagotzen ari da. Izan ere, asteartean Tom Fletcher NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Gaietarako buruak zera ohartarazi zuen: hurrengo bi egunetan laguntza humanitariorik jaso ezean, 14.000 haur txiki palestinar hilko zirela. Martxoaren 2an erabateko blokeoa ezarri zuenetik, Israelek zerrendara oinarrizko elikagaiak zeramatzaten kamioiak sartzea oztopatu zuen, joan den asteartera arte: NBEk adierazi zuenez, asteartetik ostegunera bitarte 90 kamioi sartu ziren Gazara, eta beste 105 zeuden zain mugan. Aintzat hartuta zerrendan 2,5 milioi palestinar bizi direla, eta 2023ko urriaren aurretik bertara egunero 500 kamioi sartzen zirela, kopuru eskasa da.
Gazako Gobernuaren prentsa bulegoak datu ikaragarriak eman ditu: martxotik 326 pertsona hil dira elikagai eta botika faltagatik. Horietatik 58 destrunizioak jota hil dira, beste 26 lagunek giltzurruneko gaixotasunak zituzten eta ezin izan dituzte behar bezala artatu. Gainera, nazioarteko erakundeek nahiz estatuek eskainitako laguntza humanitarioaren ordez, Israelek Gazara heltzen diren oinarrizko baliabideen gaineko kontrola hartzeko asmoa erakutsi du azken egunetan: Gazarako Erakunde Humanitarioa eratu zutela iragarri zuten AEBek joan den astean, eta berehala jaso zuen nazioarteko erakunde humanitarioen nahiz NBEren gaitzespena. Esaterako, Fletcherrek erakunde horrek gosetea "gerra arma" gisa erabiliko lukeela adierazi zuen, eta zerrendara heldutako elikagai kopurua "helburu politiko eta militarrek" baldintzatuko luketela.
"Neurri zehatzak eta eraginkorrak" eskatu ditu Gernika-Palestinak
Gazaren aurkako erasoak gelditzeko eta laguntza humanitarioaren blokeoak eragin duten "infernuarekin" amaitzeko, "neurri zehatzak eta eraginkorrak" eskatu zituen Gernika-Palestina herri ekimenak larunbatean eginiko agerraldian. Donostiako Alderdi Ederren bildu ziren hainbat alderdietako, sindikatuetako edota beste hainbat eragiletako ordezkariekin, eta iragarri zuten ekainaren 1ean, igandean, mobilizazio bat egingo dutela, mobilizazioak baitira "herritarrek injustiziei aurre egiteko duten tresna boteretsua". Gainera, uda ate joka edukita, "plan oso bat" antolatzen ari dela aurreratu zuen Gernika-Palestinak, jaietako testuingurua baliatuta eragileak "genozidioaren kontrako aktore" bilakatzeko.
Israeli presioa egiteko neurriez mintzatzeko bildu dira hogei herrialde, Madrilen
Hogei herrialdetako ordezkariak bildu dira igandean Madrilen, Israeli presioa egiteko hartu beharreko neurriez mintzatzeko nahiz bi estatuen soluzioan berresteko. Europako Batasuneko, Arabiar Ligako eta OIC Konferentzia Islamikoaren Erakundeko kide diren herrialdetako delegazioak bertaratu dira Espainiako hiriburura, eta biltzarren ondoren eginiko adierazpenetan, Espainiako Atzerri ministro José Manuel Albaresek proposatu du Israeli armen salmenta etetea. "Israelgo herriak duen bakerako eta segurtasunerako eskubide bera, eskubide berbera, herri palestinarrak ere badu", aldarrikatu du Albaresek, baita EBk Israelekin duen akordio komertzial oro bertan behera uztea ere: "Herri palestinarrak ez du zertan betirako errefuxiatuen herria izatera kondenatuta egon behar".
Halere, Centre Delas erakundeak apirilaren 25ean plazaraturiko txostenak zehazten duenez, 2023ko urrian Israelek Gazaren aurkako oldarraldia gogortu zuenetik, 40 kontratu baino gehiago sinatu ditu Espainiako Estatuak Israelekin loturak dituzten armamentu enpresekin –Israelgo enpresekin, horiek Espainian dituzten filialekin edota Israelgo lizentziapean ekoizten dabiltzan Espainiako Estatuko sozietateekin–. Gainera, txostenak argitara atera du Espainiako Gobernuak, Israelgo armak inportatzen jarraitzeaz gain, Israelgo segurtasun eta defentsa enpresei "inoiz baino kontratu publiko gehiago" esleitu dizkiela: orotara, 1.041 milioi euroko balioa duten kontratu publikoak. Israeldik Espainiara iristen diren arma eta munizio inportazioei bakarrik dagokionez, balioa 36,7 milioi eurokoa izan da 2023ko urritik 2025eko otsailera.