argia.eus
INPRIMATU
Israeldarren %82 daude Gazako biztanleak bortxaz kanporatzearen alde, inkesta baten arabera
  • %56k, gainera, bortxazko kanporatze hori "are gehiago zabaltzearen alde" daude: horien esanetan, 1948an Israelek okupatutako lurretan ez litzateke arabiarrik bizi beharko.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko ekainaren 03a

Geocartography Knowledge Group izeneko inkesta-etxe israeldar batek egin du galdeketa, AEBetako Pennsylvaniako Unibertsitatearen eskariz. Lagina osatzen dute 1.005 judu israeldarrek. Jasotako emaitzak gobernuarekin kritiko den Haaretz egunkari israeldarrak eman ditu argitara. Ez dute Israelgo Gobernuaren jardunbidearen inguruan galdetu, baizik eta fokua ipini dute, inkesta-etxearen hitzetan, "helburuetan".

Datuak honelakoxeak izan dira: %82k babesten dute Gazako palestinarren deportazio erabatekoa, eta %56k, gainera, bortxazko kanporatze hori harago eraman beharko litzatekeela uste dute. Azken horien esanetan, ez litzateke arabiarrik bizi beharko gaur egun –nagusiki 1948tik– Israelek okupatutako lurretan. Hortaz, iritzia ematen dutenen erdiak baino gehiagok ez dute palestinarrik nahi Palestinan. 

Agerikoa da, gainera, iritzi publikoak nola egin duen horrantz. 2003an egin zen inkesta bertsu bat, eta orduko hartan %45 ziren Gaza palestinarrez hustu behar zela uste zutenak, eta %31, berriz, lurralde okupatuetan arabiarrik bizi behar ez zela ziotenak. Gutxi gorabehera bikoiztu egin dira zifrak. Horrez gainera, Jericó deituriko ekintzaz –okupaturiko hiri edo herri bateko biztanle guztiak hiltzea– ere galdetu du inkesta-etxeak. Begi onez ikusi du %47ak.