Yinon Levi izeneko kolonoak Odeh Hadalin aktibista hil du Zisjordania hegoaldean. 'No Other Land' dokumentala grabatzen lagundu zuen Hadalin, dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen martxoan. Kolono hiltzailea palestinar lurraldeak okupatzeagatik AEBetako zigor zerrenda batean zegoen, baina Trumpek zerrenda eta zigorrak deuseztatu zituen.
"Astelehenean Yinon Levi kolonoak zoro bezala tiroka hasi zen Um al-Kheirren, Zisjordania hegoaldean, eta Odeh Hadalin hil du", salatu du No Other Land dokumental ezagunaren zuzendari Yuval Abrahamek sare sozialetan. Kolono hiltzailea ezaguna zen aurretik zigorrak zituelako palestinarrei eraso egiteagatik. Eraso hilgarriaren bideoa ere zabaldu du zuzendariak.
Breaking The Silence erakundeak (okupazioaren ondorioak salatzen dituen israeldar beteranoen erakundea) sare sozialetan salatu du hilketa: "Herri txiki baten aurkako eraso batean hil zuten kolono batzuek. Horien artean zegoen Yinon Levy zitala, urteetan inguru osoan palestinarrak izutzen aritu dena, eta nazioarteko zigor ugari jaso dituen gizona". Komunikatuan Odeh Hadalinen aktibismoa gogoratu dute, eta Um al-Kheir herriak etengabe kolonoen erasoak pairatu dituela salatu du erakundeak. "Suminduta gaude. Aktibista adoretsua, hiru umeen aita, hil berri dute. Odeh sistema zapaltzaile baten azken biktima da, palestinarrentzat bizitza ezinezko egitea helburu duena".
2023ko urriaren 7tik gaurdaino, israeldar armadak eta kolonoek 984 palestinar –horietatik 200 bat adin txikikoak –hil dituzte Zisjordanian, NBEren Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoaren datuen arabera.