Israel-Hegoafrika: apartheida eta bonba atomikoak


2010ko maiatzaren 30an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02

Israelek –munduari aitortu gabe– bonba atomikoak dauzkala gauza jakina zen. Orain azaldu da Tel Aviveko gobernuak Hegoafrikari batzuk eskaini eta ziurrenik eman zizkiola bertan apartheid sistema indarrean zegoenean. Xehetasunetan begiratuz, zinegileentzako pagotxa.

Raul Castro Kubako buruzagia    telebistaz zuzenean ikusteko aukera bakanetako bat joan den apirilaren 21ean eduki zuten Ameriketan Venezolana de Televisión-i eta Telesur-i erreparaka zeudenek. Dossier informatiboan, zuzenean, Hugo Chavez presidente venezuelarrak Castrori gonbitea egin zion telesaioaren zuzendari Walter Martinezi galderaren bat egin ziezaion.

Tartea eta pazientzia pittin bat dauzkan irakurleak asmatuko du ordu erdi inguruko galdera-erantzunak YouTuben ikusten baditu. Alde batetik, Castro gazteenaren hitz-jarioa ezagutuko du zuzenean. Prezio berean sartuta, asteotan Israelgo gobernua estutasunean jarri duen albistearen testuinguruaz hobeto jantziko da.

Izan ere, The Guardian egunkariak hilabete beranduago plazaratu zuen Sasha Polakow-Suransky irakasle eta nazioartean adituak eskuratu duen agiri baten berri: 1975an orduan apartheid sistema gorrotagarria zerabilen Hegoafrikako Armstrong jeneralak eta gaur Israelgo presidente den Shimon Peres orduan ministroak negoziatu zutela Tel Avivek Pretoriari bonba atomiko batzuk saltzea.

Polakow-Suranskyk azalpenok The Unspoken Alliance: Israel's secret alliance with apartheid South Africa (Itun aitortu ezina: Israelen hitzarmen sekretua apartheideko Hegoafrikarekin) liburuan ematen ditu, Israelen nazioarteko posizioari min handiak eraginez: bonba atomikoak aspalditik dauzkala berresten du, apartheid  errejimen gorrotagarria sustatu zuela erakutsi eta bonba atomikoekin hainbeste kritikatu izan den Pakistanen pareko jokatu duela, edonori edonola saldu nahian.

Paperezko agiririk eduki ez arren, batzuek aspalditik zekizkiten kontuok, Raul Castrok Walter Martinezi galdera antologikoa egitean erakutsi zuenez. Kubatarrek bazituzten enteratuta egoteko motiboak: Hegoafrikarekin gerran ari ziren 1975ean, Angolako lurretan.

Angolak portugesengandik independentzia eskuratutakoan gobernu marxista zeukan, Mozambikek bezala, eta 1975ean Hegoafrikako eta Zaireko armadek inbaditu zuten bertako gerrilla eskuindarrari laguntzeko aitzakiaz. Sobiet Batasunaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko gerra hotza gori-gori zegoen, eta Afrikako paraje urrunetan nork bere eskumutilak erabiltzen zituen.

Castrok telebistan eman zituen Kubak Angolara bidalitako soldadu, tanke, taktika eta abarren xehetasun asko, tartean hau: Hegoafrikak bonba atomikoak zeuzkala uste zutenez, unitate kubatarrak horren arabera antolatu zituztela fronteetan, bonba atomiko bakar batek denak suntsitu ez zitzan. Bonba horien inguruko galdera egin zion Walter Martinezi.

Kazetari klasifikatzen zaila den Martinezek bonba horien inguruko ixtorio pare bat kontatu zuen, tartean honakoa: 1979ko irailean AEBetako sateliteek bi flash edo leherketa  atzeman zituztela Hegoafrika eta Antardida arteko itsasoan eta haien esplikazio nagusi oraindik erabat argitu gabea dela hegoafrikarrek israeldarren laguntzaz egindako bi leherketa nuklear zirela. Hortik aurrerakoa bideoan; merezi du.

Vela sateliteak ikusi zuena

The Guardianek plazaratu duen agiriak Hegoafrikako arrazisten eta Israelgo gobernuaren arteko harremanen une jakina aipatzen du, 1975ekoa. Orduan dozena erdi bonba nuklearren salerosketa lotzen saiatu ziren Suitzako Zürichen, antza denez tratua itxi barik.

Hala ere, Sasha Polakow-Suranskyk elkarrizketa batean argitu du liburuan hori baino datu esanguratsuagoak eskaini dituela. “Adibidez –erantzun dio Just Journalism blogaren egileari–   ‘Chalet’ misilen proiektuaren inguruan 1980eko hamarkadan dozenaka israeldar aritu ziren Hegoafrikan bonba atomikoa antolatzen laguntzen. (...) Israeldarrek jartzen zuten teknologia guztia. Ematen dudan beste informazio hau ere garrantzizkoa da: Israelek Hegoafrikari uranioa erosten ziola Nazio Batuen Erakundeak erregimen honi ezarritako enbargoa hautsiz”.

Wikipedian irakur daitekeenez –eta entziklopedia aske hau ezagutzen duenak badaki tartean Israel dagoenean zein tentuz neurtuta edukitzen dituen sarrerak– Hegoafrika 1960ko hamarkadatik kasik apartheida 1994an amaitu arte aritu zen arma nuklear, biologiko eta kimikoak lantzen. 1976an, hau da, Zürichen israeldarrei bonbak erostea lortu ez eta urte betera, prest zituzten bi zulo handi Kalahari desertuan probak egiteko, bata 385 metro sakon, bestea 216. Erregai nuklearra lortu baino lehen prest zeuzkaten misilak osatzeko lantokiak ere.

Sobiet Batasunak garaiz atzeman zituen ahaleginok, albistea emanez batetik bere aliatuei –Kuba zen horietarik bat– eta baita arerio zituen AEBei ere. Ikusia zegoen Hegoafrikak nola edo hala lortzen zuela Nazio Batuen Erakundeak ezarritako bahimendua haustea. 1979ko irailaren 22an gertatu zen Vela Incident izenez ezagutzen dena.

Egun hartan Vela Hotel satelite iparramerikarrak flash bikoitza atzeman zuen Hegoafrikatik Antartidarako itsasoan. Hura zer izan ote zen eztabaidak segitzen du oraindik. Batzuentzako sateliteak oker ulertutako efektu optikoa izan zen. Meteoritoren bat izan ote zen ere aipatu zen, baina azkar baztertu zen. Aldiz, askok uste dute Hegoafrikako militarrek Israelgoekin elkarlanean leherketa atomikoa eragin zutela Indiako itsasoan, menturaz bapore zaharren baten gainean.

Aste gutxiren buruan Australiako artalde batzuetan Iodo-131 arrastoak hauteman ziren eta Puerto Ricoko Areciboko teleskopioak ere leherketa atomikoaren aztarnak detektatu zituen. Hegoafrikako agintariek dena ukatu zuten. 1983an Kalahariko zuloak itxi zituzten baina 1988an berri bat ireki, helburu berarekin.

1990eko hamarkadan dena aldatu zen. Sobiet Batasunak porrot eginda gerra hotza bukatu egin zen, eta harekin aliatuen gaineko domino eragina. Bestalde, apartheidean gotortutako agintari hegoafrikarrei aldaketa garaia heldu zitzaien eta honekin larrialdi berria: Nelson Mandelaren ANC agintera iristen bazen, zer gertatuko zen bonba atomikoekin? Geroztik, arma nuklearren inguruko itun guztiak sinatu dituzte Pretorian egon diren gobernuek, zuriek lehenik, ANCkoek gero.

Eta bonbak? Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen arabera desarmatu egin zituzten hegoafrikarrek. Raul Castro ez dago hain seguru: agian Israelera eraman zituzten kubatarrentzako ziren sei-zazpi bonba haiek.

Badirudi ANCko agintariek eman dutela baimena Pretoriako paper zaharrak azaltzeko. Ez du pozik egon behar Shimon Peres laborista zakur zaharrak.

Argazki oina: NJR ZA argazkilariak sinatzen duen irudian dager Hegoafrikako Pelindaba ikerketa nuklearren gunea, gaur nazioarteko erakundeen kontrolpean ari dena. 1970ko hamarkadan bi zulo sakon prestatu zituzten hemen, leherketa atomikoak egiteko asmoz, eta 1980ko hamarkadan leku honetan bertan elkarlanean jarraitu zuten Hegoafrikako militarrek eta Israeldik iritsitako adituek, hegazkinetik jaurtita bezala misilez eramanik lehertzeko moduko bonba atomikoak ekoizteko. Sei-zazpi buru atomiko edukitzera heldu zen Pretoriako gobernu arrazista, baina Nelson Mandela agintera iritsi zirenerako desagartarazi zituzten. Alex Wong-en argazki txikikoa Shimon Peres da, Nobel Saria irabazia, gaur Israelgo presidentea dena eta 1975an –orain ezagutu diren agirien arabera Pieter Botha presidente hegoafrikar gorrotatuak bidalitako jeneralarekin negoziatu zuenean– defentsa ministro zena.

Informazio gehiago:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hegoafrika
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


2022-03-21 | ARGIA
Amazonen Hegoafrikako egoitzaren obrak geldiarazi dituzte, indigenen eskaerak aintzat hartu ez direlako

Patricia Goliath epaile hegoafrikarrak  eman du agindua Amazon konpainia Lurmutur Hirian eraikitzen ari zen egoitza eta biltegiaren obrak geldiarazteko, khoisan komunitate indigenen aldarrikapenak aintzat hartu ez direlako. Salatu dutenez, Amazon "lur sakratuetan"... [+]


Omikron leherketa: pandemiaren amaiera urrunago edo gertuago?

Covid aldaera azkar zabaldu da mundu osoan Hegoafrikan azaroan atzeman zenetik, eta estuasunean jarri du beste behin herrialde gehienetako osasungintza, kasu honetan batez ere lehen arreta –Euskal Herrian 40.000 positibo zenbatu dira astebetean–. Aitzitik, hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude