Donald Trumpek ostegun goizaldean iragarri zuen Hamas eta Israelen arteko akordioa eta ostiral goizaldean berretsi du Israelgo Gobernuak. Oraindik, alabaina, ostiral goizean Gazan Israelgo okupazio armadaren erasoak gertatzen ari ziren, besteak beste Khan Younis hirian.
Akordioaren lehen fase honetan hiru esparru landuko dira: Israelgo armadaren erretiratze partziala, bahitu israeldarren eta preso palestinarren arteko trukea, eta Gazako herritarrei laguntza humanitarioa bideratzea. Gazako palestinarren poza nonahi ikusi ahal izan da irudi ugaritan eta dagoeneko herritarrak prestatzen ari dira euren etxeetara itzultzeko.
Gazako zerbitzu zibilek, ordea, segurtasuna lehenesteko mezuak zabaldu dizkiete herritarrei, eta bereziki ez hurbiltzeko oraindik soldadu israeldarrak dauden eremuetara, horrekin bizitza arriskuan jarriko luketela eta. Al Jazeera-ko webgunean irakurri daitekeenez, Benjamin Netanyahuren gobernuak akordioa berretsi ondoren ere, Israelgo armadak erasoekin jarraitu du, besteak beste Gazaren hegoaldeko Khan Younis hirian edota Gaza hirian bertan. Hegazkinak ere, oraindik Gaza hiriko airean ari zirela zioten goizean Qatarreko telebistako kazetari palestinarrek.
Orain Hamasek 72 ordu ditu bahitu israeldar guztiak askatzeko. Berrogei bat dira, erdia bizirik ei da eta beste erdia hilda. Trumpek familiei aditzera emandakoaren arabera, astelehenerako etxean izango lirateke. Aldi berean, Israelek 2.000 preso palestinar askatu beharko ditu, eta oraindik izenei buruzko negoziazioetan ari dira. Oraingoan, bi aldeen arteko trukeak ez dira publikoak izango, aurrekoetan bezala, Israelek saihestu nahi duelako Hamasen “propagandatzat” jotzen dituen bahituen askatze ekitaldiak.
Palestinarrak beldur dira trukea eman ondoren Israelek ez ote dien berriz erasoei ekingo, baina Hamaseko bozeramaileek adierazi dutenez, AEBetako negoziatzaileek bermatu diete ez dela horrelakorik gertatuko. Gaur egun Israelgo armada Gazaren %80an barreiatuta dago eta adostutako erretiratzea gauzatzen denean, oraindik Gazaren %50a kontrolatuko du. Adostutako erretiratzea gauzatzen denean AEBetako 200 soldaduk kontrolatuko dute –Gazan bertan sartu barik– su-etena indarrean dela.
Aldi berean, dagoeneko 400 bat kamioi prest dira Gazan sartu eta laguntza humanitarioa banatzeko. Oraingoan, zeregin horretaz NBEko agentziak, Ilargi Gorria eta gobernuz kanpoko beste hainbat erakunde arduratuko dira. Oraingoz, nahiko elikagai dutela adierazi dute.
Hamasen armagabetzea
Trumpen akordioetan Hamasen armagabetzea aurreikusten da, baina erakunde horrek oraindik ez du halakorik egingo duenik segurtatu, ofizialki bederen. Alabaina, prozesuak aurrera egin ahala, Hamasek armak desegiteko prozesua martxan jarriko duela segurtatu ei du negoziazioetan. Hain zuzen ere, Hamas armagabetzen eta desegiten ez bada, Israelgo Gobernua utziko duela iragarri du Itamar Ben-Gvier Israelgo Segurtasun Nazionalerako eskuin muturreko ministroak.
Su-etena apurtzen ez bada, orain arteko saio guztietan gertatu den moduan, ondoren hasiko dira gauzatzen Trumpen planaren beste esparruak, horien artean garrantzitsuenak Gazaren berreraikuntza eta gobernagarritasuna.
Aurrera begira, ordea, laino beltzek bere horretan jarraitzen dute palestinarren zeru gainean, planak ez baitu aurreikusten ez okupazioaren, ez apartheidaren amaierarik, eta are gutxiago Estatu Palestinarrerako biderik, formula edozein dela ere.