argia.eus
INPRIMATU
Israel hainbat herrialderekin hitz egiten ari da palestinarrak kanporatzeko
  • Israelgo Zman Yisrael hedabideak asteazken honetan jakinarazi duenez, Israelgo funtzionarioak Afrikako Kongo herrialdean egon dira aztertzeko ea herrialde hark Gazatik kanporatutako palestinarrak hartuko lituzkeen.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urtarrilaren 04a
Argazkia: RTVE

Israelek Gazaren aurkako erasoari ekin zionetik, gero eta indar handiagoa hartzen ari da hango palestinarrak kanporatzearen ideia. Orain arte, dena den, ez da inongo herrialderen izenik entzun, ez bada inguruko arabiar estatuena, bereziki Egiptorena. Orain Kongokoa aipatu du Zman Ysrael-ek, baina ez du zehazten Kongoko Errepublika edo Kongoko Errepublika Demokratikoa ote den.

Meddle East Eye hedabideak ere egin dio oihartzuna albisteari eta dioenez, asteartean egindako adierazpenetan, Gila Gamaliel Israelgo Gobernuko Inteligentzia Ministroak (Likud) zioen “emigrazio boluntarioa” dela planik “onena eta errealistena borroken ondorengo egunerako”.

Molde horretako adierazpen ugari egiten ari da Gamaliel ministroa, eta aste honetan bertan Israelgo Legebiltzarrean honakoa adierazi zuen: "Gerraren amaieran Hamasen gobernua eroriko da, ez da agintaririk izango, eta populazio zibila laguntza humanitarioaren menpe egongo da erabat. Ez da lanik egongo eta nekazari lurren %60 segurtasun eremu bihurtuko dira (...) Gazako arazoa ez da gurea bakarrik, munduak sostengua eman behar lioke migrazio humanitarioari, ezagutzen dudan irtenbide bakarra da eta".

Lehenago Egipton

Urrian Israelgo Armada Gaza txikitzen hasi zenetik izan dira kanporatzearen oihartzunak eta, urrian bertan, Israelgo Gerra gobernuak hiru aukera aztertu zituela aipatzen zuen Gilbert Achcar Londreseko unibertsitateko irakasleak gaztelaniazko Le Monde Diplomatique-n: bat, Gazan Aginte Palestinarraren gobernua ezartzea; bi, Israelek jarritako gobernu batek agintzea; hiru, Gazako palestinarrak kanporatzea. Azken hori zen gauzagarriena, gobernuko iturrien arabera.

Egiptoko agintariekin ere hitz egin zen horri buruz eta herrialdea diruz oparo laguntzeaz ere bai, hark Sinaiko basamortuan errefuxiatu palestinarrak jasotzeko esparrua eraikiko balu, lehenik, oihal-etxoletan, eta ondoren harrizko eraikinetan. Egiptok orain arte uko egin dio proposamenari eta fermuki itxi ditu ateak Rafah-ko pasabidean.

AEBak aurka

Astearte honetan bertan, AEBetako Estatu Departamenduko bozeramaile Matthew Millerrek Israeleko hainbat ministrok kanporatzeen alde egindako adierazpenak gaitzetsi zituen: “AEBek arbuiatu egiten dituzte Bezalel Smotrich eta Itamar Bern Gvir ministroek palestinarrak Gazatik kanpo birkokatzearen alde egindako adierazpenak”. Eskuin muturreko ministro Ben-Gvir ez zen kikildu X sarea sozialean emandako erantzunean: “Begirune osoarekin, gu ez gara AEBetako beste izar bat. AEBak dira gure lagunik onenak, baina edozeren gainetik, guk egin behar dugu Israelgo Estatuarentzat onena dena”.

Kanporatze “humanitarioak”

Israelgo eskuin-muturra kanpaina handia egiten ari da Israelen Gazako palestinarrak beste herrialde batzuetara kanporatzeko. Garbiketa etniko argia litzatekeen hori, ordea, kanporatze humanitarioa deitzen diote. Gaza suntsitu ondoren, kanporatzea “ekintza morala” dela azpimarratzen dute eta munduak hango herritarrak hartzeko erantzukizuna duela argudiatu. Gazaren suntsipena eta kanporatzea erabat lotuta ikusten dute. Aste honetan bertan, Erresuma Batuan Israelek duen Tzipi Hotovely enbaxadoreak britainiar irrati bati adierazi dionez, Gazako eraikin guztiak suntsitu behar dira, “meskita eta eskola guztien azpian” dagoelako Hamasek erabiltzen duen tunel bat.

NBEren Afera Humanitarioen Bulegoak asteazken honetan jakinarazi duenez, Gazako biztanleriaren %85 bere bizilekuetatik kanpo hasi da 2024. urtea.