argia.eus
INPRIMATU
Israel futbol txapelketetatik kanporatu ala ez bozkatuko du UEFAk
  • UEFA Europako futbol erakunde nagusiak Israelgo selekzioa eta klubak hark antolatzen dituen txapelketetatik kanporatu ala ez erabakitzeko bozketa egingo du, hainbat hedabidek publikatu duenez, nahiz eta jakinarazpen ofizialik ez dagoen.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko irailaren 23a
Bultzadako zaleak, Realak eta Benficak 2023ko azaroan anoetan jokatutako partidan.

Israelgo Keshet 12 telebista kateak jakinarazi du gaur dela biltzekoa UEFAko batzorde exekutiboa, eta punturik garrantzitsuena Israelen parte hartzeari buruzkoa izango dela. Ustez, batez ere Qatar-ek bultzatuta egingo dute bozketa, UEFA eta FIFAren babesle ekonomiko nagusietako batek, Hamas Dohan negoziatzen ari zen bitartean Israelek egindako erasoa gertatu eta bi astera, hain justu.

Baiezkoak irabaziko balu, Israelgo futbol selekzioa Europako Txapelketarako sailkapen-fasetik kanporatua litzateke, eta Maccabi Tel Aviv bezalako taldeak, kluben arteko txapelketetatik. Oihartzun handiko erabakia litzateke, kontuan izanik futbolaz ari garela, eta UEFAk jarrera epel samarra mantendu duela orain arte afera honen inguruan. Izatez, jakinarazpen ofizialik ez dago bozketaren harira. 

Litekeena da, gainera, nazioarteko beste futbol edota saskibaloi erakunde batzuek ere urrats hori ematea edo, gutxienez, bozketa egiteko presio handiagoa sentitzea.

Baiezko botoa emango luketen herrialdeek, Israel Gazan egiten ari den genozidioaren laztasuna nabarmentzearekin bat –bi urtean ia 800 kirolari eta entrenatzaile hil ditu, Palestinako Futbol Federazioaren arabera–, Errusiarekin gertatutakoa gogorarazi dute, zeina kirol txapelketa guztietatik kanporatua izan zen, Ukrainako inbasioa hasi eta denbora gutxira.