argia.eus
INPRIMATU
Israel estatu genozida seinalatzea helburu, ikasleak hamarnaka ikastetxetan mobilizatu dira
  • Ikama ikasle antolakundeak deituta, ikasleak Palestinaren alde mobilizatu dira astearte honetan, Hego Euskal Herriko hainbat ikastetxe eta unibertsitatetan. “Denon erantzukizuna da egoerari buelta emateko salaketa egin eta mobilizatzea”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko irailaren 16a
Hernanin. Ikama

“Genozidioa gelditu! Ikasleok Palestinarekin!” lelopean kontzentratu dira ikasleak, Gazako sarraskia fokuan jartzeko asmoz. “Ezin gara sinbolismora mugatu; gure betebehar historikoa da antolatu eta mobilizatzea, kanpaina indartsuak aktibatu eta genozidioaren konplize diren agenteak seinalatu edota agintariei Israelen aurkako neurriak hartzeko presioa egitea”, adierazi dute.

Anbiguotasunerako tarterik ez dela gaineratu dute, “gerraren eta basakeriaren aldean edo bakearen eta askatasunaren aldeko hautuan lerratzea dagokigu, horrek suposatzen duen guztiarekin”. Global Sumud Flotillaren aurkako erasoak gaitzetsi eta Espainiako Vuelta ere izan dute mintzagai: “Agerian gelditu da, beste behin, borrokak merezi duela eta lorpenak bide horretatik soilik etorriko direla. Beraz, ikasleoi antolatu eta borrokan jarraitzea dagokigu”.

"Agerian gelditu da  borrokak merezi duela eta lorpenak bide horretatik soilik etorriko direla. Ikasleoi antolatu eta borrokan jarraitzea dagokigu”

Aldarrikapenen artean, genozidioa gelditzea, prozesu dekoloniala martxan jartzea eta palestinar herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzea. Bereziki, elkartasuna adierazi nahi izan diete palestinar ikasleei, “ikastetxeak berreraiki eta ikasleek merezi duten hezkuntza duina bermatu” dadin.

“Harreman guztiak haustea”

Eskaera ere egin diete Euskal Herriko unibertsitateei, publiko zein pribatuei, Israelekin lotura duten enpresekin harremanak behin betiko eten ditzaten. Berdin Europar Batasuneko eta Mendebaldeko gobernuei, Israelekin dituzten harreman diplomatiko, ekonomiko, militar edota kultural guztiak hautsi ditzaten.

Hain justu, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak agerraldia egingo du asteazken honetan: “EHUren errektoretza taldeak hainbat ikerketa proiektu bota ditu atzera, Israelgo gobernua Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko duen konpromisoagatik”, eta horren berri emango du.

Leioako campusean. Ikama
Baztanen. Ikama
Mendillorrin (Iruñea). Ikama
Ibaetako campusean (Donostia). Ikama