Ispilu deserosoa

  • Stereo antzezlan eta liburuari buruzko solasaldi irekiaren kronika. Noiz: 2018ko urtarrilaren 4an. Non: Oiartzungo Udal Areto Nagusia.

    Obra: Stereo. Antzezlea: Miren Gaztañaga. Zuzendariak: Miren Gaztañaga eta Ainhoa Jauregi.


2018ko urtarrilaren 08an - 11:01
Argazkia: Ainhoa Resanorena, “Stereo” liburutik.

Metrokoadroka Sormen Laborategiak eta Oiartzungo Antzerkizaleen elkarteak “Genero Praktikak” ikastaroa antolatu zuten urtea hasteko Oiartzunen. Horri lotuta antzerki saio desberdinak egin ziren. King Kong neska, Mr Señora eta Stereo. Lehenengo bi emankizunak Idoia Beratarbide artistak gidatzen duen Ehuntze espazioan egin ziren. Stereo berriz Oiartzunen antzoki bezala erabiltzen den Udal Pleno Aretoan.

Ikusmina sortu zuen Miren Gaztañagaren sorkuntza lanak. Urte eta erdi bazen lan honen jende aurreko emanaldirik egin ez zuela eta oiartzuarrez gain, inguruetakoak ere erakarri zituen aktore irundarrak. 2009an plazaratu zuten lehen aldiz Miren Gaztañagak eta Ainhoa Jauregi zuzendariek Stereo eta bederatzi urte pasa diren arren ez du gaurkotasunik galdu. 35 minutuko obra da eta iraupen horrek “ohiko” antzerki programatzaileak uxatu ditu, motzegia “omen”, baina egin du bere ibilbidea. Antzezlana bezain emankorra izan zen ondorengo solasaldia ere. Oier Guillanek gidaturiko solasaldi parte hartzailea izan zen bertaratutakoek Gaztañaga eta Jauregirekin izan zutena. Obra bera eta argitaratu berri duten izen bereko liburua abiapuntu hartuta. Ariketa polita izan zen ondotik sortzaileekin solasaldia edukitzearena. Ez baita ohikoena izaten antzerkian.

Oholtza gainean Miren Gaztañagak lau pertsonaia desberdinak gorpuzten ditu. Lau pertsonaia, lau azal, lau larru. Ilunpean hurbiltzen da ikuslearengana, hor somatzen dira lehen ezusteko eta irribarre urduri txikiak. Ondotik datoz desodorantearen itomena, ezpain gorrien marra asimetrikoak, aho okerraren bibote gominaduna. Musikaz eta argiztapenaz lagundurik animalia mugimenduak, mugimendu borobilak eta zuzenak antzemango ditu ikusleak. Gora, behera, ezkerrera, eskuinera. Salto, bira, etzan. Eszenatokian ez dago hutsunerik.

Akziorik ez dagoenean ere akzioa nagusitzen da. Pertsonaia batetik besterako aldaketen lekuko baita ikuslea. Egunero norberak ispiluaren aurrean egiten dituen erritual berberak egiten ditu Gaztañagak jendearen aurrean. Tarte horietan ere ez dago etenik, ez du ezer esaten eta dena esaten du. 35 minutuko obra dotorea, ez du ezer falta eta ez du ezer soberan.

Generoa, feminitatea, maskulinitatea, rolak, mugak eta mugarik eza. Ispilu lanak egiten dituen lana da Stereo, aulkian ikuslea deseroso sentiarazten duen horietakoa. Baina ez ikusteko ederra ez delako, norberaren deserosotasunak islatzen dituen ispilu stereoa delako baizik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


2024-02-13 | Euskal Irratiak
Oier Araolaza
"Libertimenduak herrietako harremanak erregulatzeko eta egituratzeko tresnak dira"

Nehoiz baino negu epelagoa izanik ere, ihauteek udaberriari dei eginen diote. Ihauterietako asteburu gotorrena heldu da. Irisarrin Donibane Garazin, Donostiako Añorga auzoan edota Iruñean libertimenduak izanen dira, Irurin maskaradak eta Lapurdiko hamaika herritan... [+]


Eguneraketa berriak daude