argia.eus
INPRIMATU
Islandiako konstituzio herritarra aurrera egiteko zailtasunekin
  • Islandian 2009ko protesten ondorioz aurrera ateratako konstituzio erreformak porrot egin du, Eldiario.es-ek argitaratu duenez. Herritarren parte-hartze zuzenarekin idatzitako konstituzio berria, nahiz ia orain bi urte amaitu, erabilpenik gabe egon da ezkerreko gobernuan orain arte. Estatua hauteskunde berrien ateetan dago orain, eta ezkerreko alderdiak esan du, irabaziz gero, berau martxan jartzeko saiakerekin jarraituko duela.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 05
Islandiar bat 2009ko protestetan parte hartzen.

Nazioarteko hainbat adituk krisi politiko eta ekonomikotik irteteko erreferentziatzat hartu izan dute Islandiako proiektua. 2009an uharteko kaleetan izandako protesten ondorioz, orduko gobernuak dimititu eta hauteskunde aurreratuak deitu zituzten. Elkartasun Sozialdemokratak eta Mugimendu Ezker-Berdeak osatutako koalizioak irabazi zuen, eta konstituzioa aldatzeko ideia bultza zuten, herritarren parte-hartze zuzenarekin.

Hautatutako 950 herritarretatik, azkenean, 25 pertsonako Kontseilu bat sortu zuten 2010ean. 2011rako idatzia zuten testu berria eta talde osoak aho batez onartu zuen. Konstituzio berriaren proposamen honek aurrerapausoak aipatzen zituen herriaren subiranotasunaren, hauteskunde sistemaren, botere banaketaren edota baliabide naturalen jabetzaren inguruan, besteak beste.

Testua 2011rako idatzita egon arren, Islandiako Parlamentuak ez zuen hamaika hilabete igaro arte aztertu. Oposizioko alderdiek berehala baztertu zuten proposamen berria, eta agintean zegoen gobernu ezkertiarrak, aldiz, bere alde egin zuen publikoki. Azken honetako bozeramaileek esan dutenez, “apirilaren 27ko hauteskundeak ezkerrak irabazten baditu, hurrengo legealdian saiakerekin jarraituko dugu; oposizioak irabazten badu berriz, proiektua alde batera utziko du”.

Bitartean, Islandiako Parlamentuak ezarritako azken neurriak gizartea asaldatu du: Hurrengo legealdian, konstituzioan edozein aldaketa egin ahal izateko, Ganberako botoen bi herenak eta gizartearen botoen %40a beharko dira. Ordudanik, herritar islandiar batzuk Parlamentuaren aurrean biltzen ari dira larunbatero, konstituzioa idatzi zen bezala onartua izateko eskatuz.