argia.eus
INPRIMATU
Islamofobiaren kontrako elkarte batek Yolanda Couceiro salatu du, Bizkaiko PPren hautagaia
ARGIA @argia 2019ko martxoaren 21a
Eskuinean, Yolanda Couceiro, PPko presidente Raquel Gonzálezen eta Ignacio Cosidó PPren Espainiako Senatuko bozeramailearen ondoan.

Fiskaltzak Bilboko 3. Instrukzio Epaitegira bideratu du Islamofobiaren kontrako elkartearen salaketa, beharrezko ikerketa eta  diligentziak egin ondoren. Elkarte honek azaldu duenez, salaketak Couceiroren idatzi batzuk ditu oinarri, islamofobia eta gorroto-delitu zantzuak ikusi dituztelako.

Couceirok Bizkaiko PPn eman du izena –zerrendetan zein tokitan joan den oraindik ez dute esan–, baina bere karrera politikoa askoz atzeragotik dator. Portugaleten Partido por la Libertad eskuin muturreko alderdiaren alkategai izan zen 2015ean, Manos Limpias sindikatuari lotua. Bereziki immigrazioaren eta Islamaren kontrako kanpaina egin zuen hauteskunde horietan.

Zenbait hedabidek azaldu dutenez, Raquel Gónzalez Bizkaiko PPko presidentetzara iristearekin batera, portugaletetarra bereganatu zuen, VOX alderdiaren bultzadari aurre egiteko: “Horrela, alderdi popularra lerrokatu du berak sare sozialetan erakusten dituen ideia ultraeskuindarretara –diote Islamofobiaren Kontrako Musulmanek–, islamofobia zenbait boto-emailerentzako erakargarri izan daitekeen hauteskunde-karreran lehiatzeko”.