argia.eus
INPRIMATU
Islamizazioa: minarete gehiago proiektu sozial atzerakoia finkatzeko
  • 2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da zortzigarrena.

IƱaki Etaio Alonso 2018ko ekainaren 05

Hezkuntzaren zelaian beste borroka batzuk daude jokoan Kurdistanen. Horietako bat, halabeharrez, hizkuntzarena da. Hizkuntza kurdua gune publiko eta administratibo guztietatik kanporatua izan bada ere, PKK eta gobernua elkarrizketetan zeuden bitartean hizkuntza honen kontrako presioa arindu zen zertxobait. Izan ere, hizkuntzarena PKK-k mahai gainean jarri zituen eskarietako bat izan zen. Momentu horretan gehiengo kurdua duten hiri batzuetako eskoletan kurduaren presentzia oso murriztua onartu zen. Elkarrizketak apurtzeak bertan behera utzi zuen aurrerapen apal hori. Hala eta guztiz ere, ez zen horretan geratu. Kurdu hizkuntza irakasten arituak ziren irakasle askok beste herrietako eskoletara aldatuak izango liratekeelako jakinarazpena jaso zuten. Estimatzen da mila irakasle inguru Estatu turkoaren mendebaldera lekualdatuta izan zirela 2017. urtean. Ceylan-ek bere nebaren kasua kontatzen digu, bizi eta lan egiten zuen Amed hiritik ehunka kilometrotara dagoen hiri batera bidalita. Abbas-ek ere egoera honetaz hitz egiten digu, sindikatuko afiliatu askok ere pairatu izan baitute. Badaude irakasle bikoteen kasuak non bakoitza leku batera bidalita izan den. Abbas-ek aipatzen digu ere atxikitze-toki berrian pairatzen duten etsaitasuna. Izan ere, “terrorista” etiketarekin heltzen dira kurduen kontrako sentimendua biziki elikatuta dagoen Kurdistanetik urruneko hiri eta herrietara. Adibidez, Estatuaren mendebaldeko herri batera aldatutako 14 irakasleek heriotza-mehatxuak jaso zituzten. Sindikatua, bere tokiko atalen bidez, irakasle hauek laguntzen eta babesten saiatzen da, kurduaren estigmatizazio bortitzaren giroan batere erraza ez dena.

Estatu turkoaren hezkuntza sistema beste borroka baten zelaia da ere, laikotasuna eta islamizazioaren artean. Estatuaren laikotasuna proiektu kemalistaren ikur nagusietako bat izan bazen ere, AKP-ren uholde ultrakontserbadore, ultranazionalista eta islamizatzailea eremu guztietara hedatu da, hezkuntza barne. Islama zonaldean dago duela mende askotatik eta kurduen baita turkoen erlijio nagusia da. Hala ere, AKP boterera heldu zenetik islamizazioa Estatu politika bihurtu da. Izan ere, saiakera irmo eta bistakoa egiten ari da erlijio musulmanak jendartean gero eta presentzia gehiago izateko. Bakur-reko edozein hiritik pasatzean deigarria da meskiten kopuru handia, haietako asko berriak edo eraikitze prozesuan, askotan nekez ehunka metro urrun bata bestetik. Landetatik pasatzean ere bitxia egiten da herrixka oso txikietan meskita handiak ikustea, biztanle guztiak joan arren beteko ez liratekeenak. Hiri-profila marrazten duten minareteek eta eguneko momentu zehatz batzuetan megafoniatik zabaldutako otoitzek Islama nonahiko bihurtu dute Estatuaren eremu osoan, bere identitate sinboloetako bat bilakatuz. Estatuak egindako erlijioaren instrumentalizazio honek musulman batzuk meskitetara joateari uztea eragin du, lagun kurdu musulman batzuek hala aitortu zigutenez.