argia.eus
INPRIMATU
Isiltasunaz

Aritz Galarraga 2020ko martxoaren 23a

Hitzaldiak, kontzertuak, liburu, film, telesail gomendioak, haurrekin egiteko gauzak –benetan ez zarete sekula haurrekin aurretik etxean sartuta egon? Ze suertea–. Eta gero gainera gauza horiek guztiak egin bitarteko bideoak. Bonbardaketa bat izaten ari da. Birtuala, baina bonbardaketa bat. Ez al genuen erabili behar berrogeialdi hau zerbait ikasteko? Ez al genuen erabili behar erritmoa jaisteko, bizitza patxada handiagoz hartzeko, beste modu batera antolatzen hasteko? Zergatik ari gara beraz kontua oraindik gehiago azeleratzen? Beharrezkoa al da abiadura hau, frenesi hau, zarata hau guztiau? Hainbesteko beldurra ematen al digu ezer ez egiteak, geure buruarekin bakarka egoteak?

Noski, izango du norbere izaerarekin ere zerikusia. Egia da adibidez literatura zaletasun, pasio, are drogatzat dugunok errazago eraman dezakegula konfinamendua. Ezagutzen dut jendea berrogeialdiaren aurretik ere etxean kabitzen ez zena, eguerdi parterako hamaika mendi igo eta jaisten zituena. Alde horretatik abantaila daukagu sedentariook, seguru; berrogeialdi bat baino gehiago egindakoa naiz etxean lehendik, boluntarioki. Gainera, banekien liburu erosketa konpultsiboak noizbait zentzua hartuko zuela, etxeko biblioteka hiru bizitzatan ere irakurri ezin izango ditudan liburuz betetzeak egunen batean balioko zidala. Iritsi da egun hori. Eta izan da birus forman. Noan liburuez gozatzera, hartara, isiltasun ederrean.

Hain ederra baita, eta bihotz-altxagarria, isiltasuna. Badabil esaldi bat hor zehar, kursi samarra egia esan, zeinaren arabera isiltasuna soilik hautsi behar den isiltasuna baino ederragoa den zerbaitekin –esan dizuet kursia zela–. Zer ari zara orduan zu, kalaka etsian, galdetuko didazue, arrazoi osoz. Ez kezka, asteroko pilula txiki honetara moldatuko dut nire jarduna. Berrogeialdian, behintzat, auskalo jada betirako iraungo duen berrogeialdian.