argia.eus
INPRIMATU
Iruzur gehiagorik ez!
  • Estatus berriaren hitzaurrearekin edo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako estatutu politikoaren sinadurarekin batera (Euskal Herriaren zatiketatik sortua eta horretan oinarritua), beste deriba-mugimendu bat gertatu da halabeharrez. Ez ahaztu Euskal Herriak uko egin ziola estatutuari eta haren bitartez Espainiako diktadura burges  diktadura bihurtu zela (monarkikoa eta parlamentarioa), penintsulako, kontinenteko eta nazioarteko kapitalaren aginduetara.

Jon Iurrebaso Atutxa 2019ko urtarrilaren 09a

Atzera begiratuz gero, eta nahiz eta gatazka oraindik konpondu gabe egon, baten batzuek gure etsai espainiarraren alderdien legea onartu eta gatazka ondoko jokoan segitzeko hautua egin zuten, horrenbestez, gure etsaien ideia nagusiak oinarritzat hartu zituzten, alegia, “gatazkaren ondorioak” (konpondu gabeko gatazka izanik, diogu berriro ere), “biktimak” (lehenengo biktima Euskal Herria dela ahazturik, eta euskal herri langilearen etorkizuna eta biziraupena konpondu gabe egonik), “ez zen inoiz gertatu behar…” (gure herri langilearen eta gure hurkoen defentsan jardun besterik ez dugu egin, egiten eta egingo) eta abar. Izugarria da … lortu nahi omen dutela entzutea, egia esan, ez dakigu zer den, baina, ustez, Euskal Herriaren “askapenaz” ari dira.     

Oraingo Ezker Abertzale Ofizialari dagokionez, espainiar eta frantses sistemetan txertatzeko hari horrek EH Bilduko bozeramaileak adierazitako azken ideia, proposamena, ekimena eta postureoa ekarri dizkigu. Diogu, lehenik eta behin, zorigaiztoko adierazpena izan dela Euskal Herriarentzat, eta, bereziki, Euskal Herri Langilearentzat.

"Oraingo Ezker Abertzale Ofizialari dagokionez, espainiar eta frantses sistemetan txertatzeko hari horrek EH Bilduko bozeramaileak adierazitako azken ideia, proposamena, ekimena eta postureoa ekarri dizkigu. Diogu, lehenik eta behin, zorigaiztoko adierazpena izan dela Euskal Herriarentzat, eta, bereziki, Euskal Herri Langilearentzat"

Laburbilduz, EH Bilduk, hurrengo hauteskunde orokorrei begira eta PP, Cs eta Vox-i aurre egite aldera, EAJtik CUPerako aliantza handia osatzeko proposamena egin du, bai eta, ondo jakin arren, Espainiak eta Frantziak Euskal Herriari uko egingo dioten aldarrikapena eta haiekin aliaturik dauden bazkideek borrokatuko ez dutena ere. Horretarako, nahaste-borraste erreformistaz baliatu izan da eta espainiar eta frantses estatuekiko menpetasuna erakusten du Euskal Herriaren etorkizunari dagokionez, gure okupatzaile eta esplotatzailearen legerian oinarriturik baitago. Horrez gain, nazio eta subjektu berezitu gisa ukatzen gaitu eta --per secula seculorum baino gehiagotan errepresioa jasateko promesa egiten digu.

Hots, bizitzako une hauetan, Euskal Herriarentzat urrats kualitatibo eta estrategikotzat jotzen dugu sozialdemokrazia eusko-espainiarrarekin, katalanarekin eta galegoarekin elkartzea, era berean, euskal burgesiarekin, progresismo espainolistarekin, independentistak eta ezkerrekoak diren (?) sentsibilitateekin ere funtsezko lema bai “demokraziari” edo ez espainiar eskuinari edo halako zerbait delarik. Hau da, PSOE, adibidez, eta labur izatearren, bidelagun egokia izango da…

Agerikoa da klasearteko mugimendu horrek, burgesia eta sozialdemokrazia buru direla, ezin duela ezta urradurarik txikiena ere sortu etsaiaren horman, akats eta gorabehera ugariz osaturik badago ere. Bada, kapital handiak eta espainiar, frantses eta eusko-espainiar burgesiak onartzeko moduko beste mugimendu bat dugu hori, azken finean, praktikan ez baitute inongo arriskurik sortzen euren sisteman edo estatus quo-an.

Ez dago nazio eta gizarte askapenik Euskal Herri Langilearen oraingo eta etorkizuneko interesen aldeko bidetik kanpo. Bestalde, euskal sozialdemokraziak eta burgesiak (are gutxiago beste batzuek) ez dute inoiz haien interesen aurkako ezer egingo.

Ados gaude gauza batean, eta hor dago gakoa, bada, zer egin daiteke? Nola jokatu dezakegu? Norekin? Noiz? Ekiogun lanari! Modu apalean eta iradokizun gisa, ez dezagun loterian jokatu, lauri solik egokitu ohi baitzaie, eta oinak lurrean edukirik, pentsa dezagun elkarlanean jardungo dugula. Bihar ez baina lortu egingo dugu. Eraiki dezagun nazio eta gizarte askapenerako Euskal Mugimendu Sozialista eta Iraultzailea! Aurrera!