argia.eus
INPRIMATU
Irungo Harrera Sarea indartzeko jaialdia
  • Migratzaileekin elkartasunez Irungo Harrera Sarean boluntario ari direnak omentzeko, Sarerako dirua lortzeko eta berau indartzen jarraitzeko, ekainaren 1ean jaialdia antolatu dute Harrera Sarea sortu zuten lekuan bertan: Irungo Lakaxita gaztetxean.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 29a
Harrera bideoklipeko irudia.

Antolatzaileek adierazi dutenez, Sareak duen filosofiari eutsi dio jaialdiak, auzolanetik eta auzolanean antolatua izan baita. Kultur arloko jende ugarik hartuko du parte, denek ere doan, eta musika izango da protagonista nagusia (15 kontzertu baino gehiago izango dira).

Herritar multzo batek sortu zuen Irungo Harrera Sarea, gurera iristen diren migratzaileei laguntzeko asmoz. Jaialdian lortzen den dirua ekimen honetara bideratuko da.

Bestalde, Patxuko Nice taldearen Harrera abesti solidarioari lotuta dago jaialdia. Abestia euro bat ordainduta jaitsi daiteke bandcamp plataformatik, eta etekinak Irungo Harrera Sarearentzat dira.

Egitarau oparoa

Denera, larunbat osoan zehar hogei ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte (zirkua, arte eta dantza tailerrak, magia…), tartean herri bazkaria. Kartelean ikus dezakezue egitarau osoa: