argia.eus
INPRIMATU
Iruñerriko bigarren mintzodromoa egingo dute martxoaren 23an
  • Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu dira Iruñerriko bigarren Mintzodromoa aurrera ateratzeko. Astelehen honetan aurkeztu dute bigarren edizioa, Iruñeko Geltokin, hiriko autobus geltoki zaharrean.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 20a
Iruñerriko bigarren mintzodromoa aurkeztu dute gaur Iruñeko Geltokin.

Martxoaren 23an, beraz, Mintzodromoan, tar-tarrean goxo-goxo jardungo dutela azaldu dute antolatzaileek: "Bertan Iruñerriko euskaldunak, ikasleak eta euskaltzaleak elkartu nahi ditugu, harremana egin eta iritziak trukatzeko hainbat gairen inguruan, honen xede nagusia euskara kalera ateratzea eta honen erabileran aurrera-pausuak ematea izanik. Lehenengo edizioaren arrakasta ikusita, euskararen zurrumurru goxoan berriz elkarrekin egoteko eta aritzeko irrikan gaude. Bigarren edizio honetan, bestalde, Euskarabidearen laguntza ere izango dugu".

Mintzodromoa hainbat gairen inguruan iritziak elkar trukatzeko gunea da. Horretarako, antolatzaileek hiru gai proposatuko dituzte eta horien inguruan aritzeko gidoia ere bai: "Lau-bost laguneko taldeak eginen ditugu eta 15-20 minutuz gai baten inguruan aritu ondoren, tokia eta gaia aldatuko ditugu eta beste talde batean arituko gara, beste gai baten inguruan, beste 15-20 minutuz tar-tarrean, tar-tar goxoan". Hori egindakoan, berriz ere gaia eta mintzakideak aldatu eta gauza bera eginen dute. Oraingoan, Nafarroako euskalgintza eta euskal kulturaren hainbat kidek ere hartuko dute parte eta bukaeran zozketak izanen dira.

Ekitaldia Iruñeko Autobus Geltokin eginen da, martxoaren 23an 18:30ean. Izena emateko, kartelean ageri den QR-an edo esteka honen bitartez (https://labur.eus/mintzodromoa2023) egiten ahalko da, martxoaren 17a arte.